Okondotik Zaraobe ikastetxera ikasleak garraiatzen dituen autobusak istripuarina izan zuen atzo eguerdian Ibaguenen. Zorionez autobusean gidaria baino ez zegoen istripua gertatu zenean, ikasleak Okondon utziak zituela gertatu bait zen ezbeharra. Ibilgailua Amurriorako norakoan zihoan Ibaguenen beste kotxe batekin gurutzatu zenean. Autobusa bazterreratu eta kontrola galduta arekara erori zen. Istripuak ez zuen zauriturik eragin.
Okondoko EAJk gertakaria aintzat hartu eta errepide horren egoera kaskarra salatu du. "Okondo eta Ibagueneko bidegurutzea lotzen dituen errepidetik egunero ibilgailu asko pasatzen dira; ikasleak, langileak, ibilgailu pisutsuak... Errepidearen egoera txarrak ezbehar handiago bat sor lezake konponbiderik ematen ez bazaio" adierazi du alderdi jeltzaleak prentsa ohar baten bidez.
Jakinarazi dutenez, "2011ko maiatzean Foru Aldundirako gure alderdiko hautagaitzarekin hitzartu genuen errepide honetan hobekuntzak egiteko azterketa bideratzea errepidearen zabalera handitzeko eta seguruago bihurtzeko". Jeltzaleek euren hauteskunde programan jaso zuten ekimena, "Udalean gobernatu ezkero aurrera ateratzeko asmoarekin". Oposizioan egonik, alderdi jeltzaleak eskualdeko instituzioekin akordioa lortzeko proposamena egingo dio Okondoko Udalari, "Foru Aldundiak errepidearen egoera arriskutsua aintzat hartu dezan eta lehentasunen artean jarri dezan".