San Anton lagunen elkarteak jakinarazi du aurtengo enkantean aurrekoetan baino diru gutxiago lortu duela; "krisi egoera nabaritu dugu, batez ere enkantean". Elkarteak adierazi duenez jendeak aurten diru gutxiago eskaini du enkantean zeuden objektuak eskuratzeko, "eta azokaren antolaketa gastuek ordea, ez dute behera egin".
Horrela, egunak emandakoaren balantze ekonomikoak 1.300 euroko irabaziak utzi ditu. San Anton lagunen elkarteak diru hori Amurrioko Laguntza taldeari ematea erabaki du. Laguntza Elkarteak behar ekonomikoak dituzten Amurrioko familiak laguntzen ditu 2004 urtetik. Elkarteak Guk Saria jaso zuen 2010. urtean, elkartasun arropategi baten bidez, beharra duten familientzako oinarrizko elikagaiak eskuratzeagatik.