Laudioko Udalak jakinarazi duenez,Soziolinguistika Klusterra elkarteak egin du euskararen kale erabileraren gaineko ikerketa eta Euskal Herriko Kaleetako Hizkuntza-Erabileraren VI. Neurketa programa osoaren barnean kokatu da.
Ikerketaren emaitzek adierazten dute euskararen kale-erabilera hazi egin dela hamar urte hauetan, 2001ean % 3,69ekoa zen eta aurtengoa % 7,5 eta %8 bitartekoa. 2001an erabilitako metodologia berdina erabili du Soziolinguistika klusterra aurten ere.
Urrian egindako ikerketaren lagina handia izan da; 981 elkarrizketa ikertu dira, 2.408 pertsonen hizkuntza erabilpena aztertuz. 2001 urtean lagin hori handiagoa izan zen, 1.546 elkarrizketa sailkatu eta baloratu baitziren.
Oraindik ere datu hauek behin betikoak ez direla jakinarazi du Laudioko Udaleko Euskara Arloak, nahiz eta Soziolinguistika Klusterrak adierazi duen erabileraren azken datua gertuago egongo dela % 8tik % 7,5etik baino. 2012 urtearen hasieran, datu hauek, kopuru, balorazio eta diagramak bilduko dituen dokumentu bat aurkeztuko du Klusterrak, eta horiek guztiak Euskal Herri osoko datuak bilduko dituen dokumentu zabalago batean txertatuko dira. Horretaz gainera, lortutako datuen balorazio kuantitatibo-kualitatiboa egingo da eta horren zabalkundea egiteko berariazko saioak antolatuko dira.