Urtero bezala, Laudio eta Orozko inguruko herritarrek Jon Pagazaurtundua Isusi militante abertzale gaztea omenduko dute bere heriotzaren urteurrenean. 1973ko azaroaren 28ko gauean, frankismoa oraindik indarrean zegoela, esku artean zute lehergailuak eztanda egin zien ETAko militanteak ziren Jon Pagaza laudioarrari eta Joxe Etxeberriari. Leherketaren ondorioz bi militanteak Areetako Lope de Vega kalean zendu ziren. Lagunek "Pagaza" goitizenez ezagutzen zuten laudioarrak 19 urte besterik ez zituen. Hilabete baino gutxiago falta zen erregimen frankistaren norababidea aldatuko zuen atentatua gertatzeko; Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernu Presidentearen aurkako atentatua.
Txalaparta argitaletxeak Euskadi Eta Askatasuna liburu bilduman jasotakoaren arabera, familiak ez zuen berria zenbait ordu pasatu arte jakin, goizaldean Guardia Zibila etxera sartu zenean. Militante gaztearen amak orduan adierazi bezala, Jon Pagazaurtundua gaztea urte askotan elizan laguntzen ibili zen arren Guardia Zibilak bere aldeko meza debekatu eta bere izenaren aipamen txikiena egitea ere galarazi zuen. Herrian ustekabea izan zen albistea, lagunek "Pagaza" goitizenez ezagutzen zuten hori Joan Luis Pagazaurtundua zenik jakin ez, eta ez zutelako gazte laudioarraren militantzia politikoa ezagutzen.
Txalapartaren argitalpenean jasota dagoenaren arabera, heriotza gertatu baino urte batzuk lehenago sartu zen Jon ETAn, lehenik adar kulturalaren barruan, eta ondoren V. Biltzarreko adar militarreko komando batean.
Urtero bezala herritarrek hainbat ekitaldiren bidez gogoan izango dute
Laudio eta Orozko inguruko herritarrek militante abertzalearen oroimena gordetzeko ekitaldiak antolatu dituzte aurten ere. Azaroaren 27an, igandean antolatu dute bi herriak lotzen dituen Santa Marina mendira irteera. Goizeko 8etan aterako da martxa Laudioko Herriko plazatik, eta Orozkora arteko bidea egingo dute, bertan, hilerrian, omenaldi ekitaldi bat egiteko gero.