Ostiraleko udalbatzarrean Aiara Batuz taldeak, Alderdi Popularrak eta Bildu koalizioak polikiroldegiaren proiektua bertan behera uztea erabaki zenuten, zergatik?
Bueno, oso luzea da prozesua; eta iraganetik datorren istorioa; 2004an proiektuaren lehenengo zirriborroa onartu zen 1.125.397,6 euroko aurrekontuarekin; udaletxeko aparejadorearen azken txostenean kopuru hori 3.103.201,68 eurora arte igo da, imagina dezazue nolako gorabeherak izan dituen urte hauetan.
Baina guretzat, garrantzitsuena,udaletxera sartu ginenean topatutako egoera da; oso adierazgarria da PNV ez beste talde guztiak ados egotea; zergatik? Aurrekontuak, prozesua, obretan gertatutako guztia, dirulaguntzetan airean dauden diru kopuruak, azpiegitura horren amaierak sortzen dituen kezkak edota zalantzak, bere finantzaketa daukagun egoera ekonomikoa kontuan hartuta...
Proiektua egitera iritsita ere, zenbateko kostua izango luke kiroldegiaren mantenuak? Guk esku artean ditugun datuak - antzeko azpiegiturek dituztenak erreferentzia hartuta-, 100.000 eurokoak dira gutxi gora behera...
Horretaz gainera, PNV ez beste guztiok, ez diogu etorkizunik ikusten kiroldegi honen eskaintzari; frontoi bat eta saskibaloi, eskubaloi edota futbito beste pista bat besterik ez da (bere aldagelekin noski), baina besterik ez.
Aiarako demografia, herritarren mugikortasun ohiturak, eta haien eskaerak eta beharrak ez ditu kiroldegi batek konponduko... Herritarrek ez dute proiektu hau ulertzen.
Erdietsitako adostasuna, hori ere argi esan beharra dago, prozesu luze baten ondorioa da. Gauza bat da aldez aurretik horrelako obra batekiko izan dezakezun iritzia, eta bestetik gaur egun esku artean ditugun datuekin izan dezakezuna; dauzkagun datuekin sortzen den eztabaida objektiboa da, zalantza haundiak sortzen dituen prozesu luze baten ondoriozkoa...Aiara Batuz, PP eta Bildu ados jarri izana ez da kasualitatea, ez dago -foro batzutan aipatu den bezala- areriotasun politikoan oinarrituta, baizik eta azterketa sakon eta arduratsu batean: eta hor dago ondorioa: adostasuna.
Kiroldegia eraikitzeko lanek aurrera eginez gero, Udalak 1,3 milio euroko ekarpena egin behar zuela argudiatu zuen Batzar Nagusitan Bildu koalizioko batzarkide batek. Udalak gaur egun gastu horri aurre egin diezaioke?
Ez, egoera ekonomiko honetan ez; diru kopuru horri aurre egiteko hiru zati aztertu behar ditugu: Alde batetik Aldundiak obra honetarako espreski gordetako 400.000 euro ( “partida nominativa” deitzen dena). Bestetik Iparkutxarekin hitzartutako 565.000 euroko mailegua (orain edo beranduago ordaindu beharko dena, eta azkenik 700.000 euro; kalte ordain moduan eskatu ahal izango litzatekeena; akordio bat lortzeko ideiarekin aseguru-etxeari aurkeztutako proposamena izan zen hau... martxoan aurkeztu genuen eta ez dugu oraingoz erantzunik jaso. Argi dago horrelako aseguru-etxe indartsu batek (Asemas) ez duela erraztasunik emango.
Datuak kontuan hartzen badoguz, eta ordaindutakoa zein dirulaguntzetan lortutakoa alboratuta (baldin eta epeak direla eta laguntza hauek galtzen ez badira), oraindik ere milioi luze bat faltako litzateke... Nondik aterako dugu diru hori kontuan hartuta kopuru horretako parte bat (700.000 €) ez dela oraindik zeharo erreala (ikusi beharko zer prozesu judizialean sartu beharko ginatekeen...)? Gaur egun, Udalak ez dauko aukerarik honi aurre egiteko.
Proiektu honek bestelako instituzioen ekarpen ekonomikoaren beharra zuela argudiatu zenuten, zein da instituzio horien jarrera?
Jarrera ez da bereziki txarra; gehienek, hitz politak, arauak eta legeak bete behar direlako... Egia da eurek ere proiektu honekiko jarrera oso kritikoa dutela; baina gero ez dute, momentuz behintzat, konpromisorik hartu gurekin soluzio bat aurkezteko. Esan berri dutena da, eta ez dakigu zer nolako epeekin jokatu ahal izango dogun, euren aldetik epeak ( dirulaguntzak bueltatzeko epeak) luzatuko dituztela Aiarako Udala ez itoteko.
Proiektua bertan behera geratzeak zer esan nahi du? Zenbat diru inbertitu da bertan?
Ekonomikoki, gure iritziz, aurrera egiteak baino kalte txikiagoa izango du. Edonola ere, "lurperatuta" dagoen diru mordoa dago, eta hori ezin dogu jadanik aldatu, zoritxarrez. Zenbat? ez da erreza zenbatestea, berrerabili diren partida batzuk daudelako, baina, adibide moduan, kalkulua guztiz zehatza izan gabe, udaletxeko aparejadoreak egindako txosten batean kalte ordainak estimatzen dituen kopuru bat aipatzen da: 838.391,24 euro; 2008ko datuak aipatzen ditu; garai hartan, zazpigarren zertifikazioa 1.087.596,34 eurokoa izan zan; horri, beste gastu batzuk “gehituta” eta berrerabili ahal izan diren elementu batzuk "kenduta", aipatutako lehenengo zifra ematen du. Baina oraindik ez dakigu konstruktorearen eskaera zein izango den obra gelditzeagatik...
Aurreko obrarekin arazo batzuk egon ziren, laburrean azaldu ditzakezu zeintzuk?
Obraren arazoei dagokionean, bere osotasunean hartuta bi ildo daude; bata, prozeduraren aldetik, kontratuak zelan egin ziren ( edo zelan egin ez ziren) eta bestetik udaletxean zelan aurkeztu zan (edo ez zan)...Arazoak asko direnez, zuen baimenarekin hemen zerrendatuko ditut nabarmenenak:
-
Arkitektoa nola aukeratu zen; Aholku Batzorde Juridikoak bere 2009 irailaren 30ean txostenean aipatzen du ez dagoela kontratua behar bezala formalizatzen duen dokumentu idatzirik
-
- Proiektua aprobatu zan zegokion batzordetik pasa barik;
-
- 21 hilabete pasatu eta gero, oraindik ere proiektua bisatu barik zegoen
-
- Arkitektoaren ordainketa udalbatzak proiektua aprobatu baino lehen egin zan
-
- 2007an, obrak aurrera egiten zeudelarik, konturatu ziren lurzorua -kalifikazioari begira- ilegalki erabiltzen ari zirela, eta azkar baino azkarrago prestatu behar izan zuten arauen aldaketa puntualaren plangintza espeziala.
-
- 2011an, gu Udal gobernuan geundelarik, Arabako Foru Aldundiko errepide zerbitzuko data ezberdinetako 3 txosten agertu ziren ( 2007-09-10). Txosten hauetan Zuhatzako errepidetik sarrera egitearen debekua azaltzen zen, bai eta sarrera plangintza eta diseinu guztia Ikastolatik egiteko beharrezkotasuna (berrikuntza hori finantzatzeko kalkuluak 100.000 eurokoak dira)
-
Beste ildo bat ere dago, laburtzen saiatuko naiz:
-
- 2008ko uztailean, arrakalak agertu ziren eraikitako hormigoi-egituretan, eta hamaika txosten eta salaketa gurutzatu ondoren, obra gelditzea erabaki zen
-
- Ordutik proiektua geldirik dago, Udala saiatu da erantzukizunak teknikoen artean mahaigaineratzen, eta gaur egun demanda-akordio bat formalizatzeko saiakera egiten ari gara.
-
Larriena baina, EAJk 2011ko maiatzean egindakoa da; udal hauteskundeak izan baino hiru egun lehenago (maiatzak 19an) gobernuan zegoen talde jeltzaleak proiektuarekin aurrera egitea erabakitzen du, 2.997.886,68 euroko aurrekontua zehaztuz.
Aiarako EAJk proiektuarekin aurrera jarraitzeko iritzia eman du, nola baloratzen duzue jarrera hau?
PNVren jarreraren balorazioa edonork egin dezake; ez du alternatibarik, bere proiektua da, eta bere bazkideen aurrean saldu egin behar du. Nik pentsatzen dut badakitela aurrera egin ezkero ez dagoela irtenbiderik, baina nola esan, hainbeste pasa eta gero, zelan onartu proiektu hori ez dela -ez ekonomikoki ez sozialki ere- bideragarria? Nola justifikatu egin diren gastuak, eta egingo beharko liratekeenak haiek Aldundia gobernatzen jarraitu izan balute eta obra honi diru gehiago eman baliote?
Ez dute autokritikarik egin, eta haien erantzuna gorrotoz beterikoa da; ez dago hausnarketa objektibo bat, ez dago bideragarritasun txostenik, ez daude planteamendu logikoak edota inpartzialak egiteko jarrera batean... Ez diguten laguntza eta inplikazio aktiborik eman; horren proiektu ona eta baldin bazan, nolatan ez dira gu konbentzitzera etorri? Arazo haundi bat lehertu zaio PNVri Aiaran, eta ez dauko irtenbide duinik.
Nola asetuko ditu Aiarako Udalak kiroldegiak herritarrekiko bete behar zituen funtzioak?
Beno, diru askorik ez dugu izango baina guk argi dugu Aiara eskualdeko beste herriekin harremanetan jarri behar garela, eta mota honetako zerbitzuak akordioaren bidez amankomunatu behar ditugula.
Inguruan egon badaude zerbitzu horiek eskaintzen dituzten azpiegiturak -Amurrion, Laudion-, eta gauden egoeran hori izan behar da gure ildoa, batez ere kontuan hartuta beste azpiegitura barririk egietera ez dela inor ere ez arriskatuko.
Beste bide bat nahi dogu zabaldu, eta horretarako danak gaude gonbidatuak, proposamen irudimentsuak aurrera eraman eta eskualdea zein Aiara herria elkartasunean oinarritutako beste ildo batean kokatzea. Ez dogu kiroldegirik behar, haize freskoa da behar doguna!