Horrela ebatzi dute aurtengo lehiaketako epaimahaia osatu duten lau pertsonek. Aurten epaile lanetara gonbidatu ditugu Josu Zaldibar aiararra, Jose Miguel Llano amurrioarra, eta Laudioko Iban Pagalday eta Lucia Martin. Lehiaketako argazki-postal onenaren saria ahobatez Matxalen Aldaitusategiri ematea erabaki dute epaileek (ezkerreko zutabean argazki eta mezu irabazlea), bigarren saria Enara Biguriri ematea, eta hirugarren eta laugarren postuan Garazi Abrisketaren eta Koldo Urkijoren argazkiak sailkatzea.
Ebazpena argitara ematen den momentutik hamabost eguneko epea izango dute irabazleek aiaraldea.com atariarekin harremanetan jarri (harremanak@aiaraldea.com) eta euren datuak baieztatzeko. Hamabost eguneko epea igarota, lehiaketako irabazleak bere datuak egiaztatu ezean, bigarrren sailkatuak jasoko du lehenengo saria, eta hirugarrenak bigarrena.
Aurten ere lehiaketak munduko hainbat eta hainbat bazter gehiago ezagutzeko aukera eman digun arren, iaz baino parte hartze txikiagoa izan du aurtengoak; guztira 119 argazki-postal jaso baititugu. Hori dela eta, datorren lehiaketari begira berrikuntza batzuk planteatzen ari gara, eta nola ez, zuek guztion iritziak eta proposamenak jasotzea ere eskertuko genuke.
Lerro hauetatik beraz, zorionik beroenak irabazle suertatu diren pertsonei, bai eta zuen argazki-mezuen bitartez udan aiaraldea.com kolorez eta soinuz jantzi duzuen guzti guztiei ere. Era berean eskertu nahiko genuke epaile lanetan aritu diren pertsonen lana. Eskerrikasko eta datorren udara arte!