Patxi Martínez de Albeniz Casi Bildu Biltzarkide Taldeko Prokuradoreak aurkeztutako Aiarako kiroldegiaren inguruko interpelazioa, atzo erantzun zuen Javier Ruiz de Arbulo Toki Administrazioaren Saileko foru diputatuak. Interpelazio horren helburua, kiroldegia eraikiko ez bada Arabako Foru Aldundiak horretarako emandako dirulaguntza itzultzeko eskatuko duten edo ez jakitea izan da.
Javier Ruiz de Arbulok adierazi du Aiarako Udala egoera oso zailean aurkitzen dela, proiektua ez baldin bada burutzen Foru Aldundiatik eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako dirulaguntzak itzuli beharko dituelako (744.00 euro baino gehiago). Ahatik, proiektuarekin aurrera egitea erabakiz gero, 1,3 milioi euro gehiago eskatu beharko ditu Udalak.
Batzar Nagusietan egindako eskaerari erantzunez, Diputatuak adierazi du Aiarako Udalak edozein erabaki hartuta ere, guztiz bideraezina izango dela, gaur egun legeak ez duelako baimentzen entitate lokaletan horrelako zorpetzea, eta aurretik 500.000 euro ere eskatuak direlako. Edozein erabaki adosten delarik ere, Udalaren egoera ekonomikoa zinez txarra izango da. Gainera, Foru aldundiaren Herri Lan eta Garraio Sailak ez du kiroldegiaren sarrera Zuhatzako errepidetik egitea baimentzen, gaurko legedia ez omen duelako betetzen.
BILDUk mozio bat aurkeztuko du Batzar Nagusietako hurrengo plenoan aztertzeko, "alderdi guztiek euren jarrera azaldu dezaten eta arazo larri honi konponbidea emateko".
Herri mailan pertsona askok Aiarako Udalak kirol zerbitzuak eta bestelakoak inguruko beste herriekin erkidetzea proposatzen dute.