MIKEL OLABARRIA ASTOBIZA (1976). Orozkoko Itxinape mendi taldeko kidea da Mikel. Bera eta beste lagun asko, burubelarri dabiltza igandean izango den Orozko Harana martxa antolatzen. Hogeitairugarren edizioa dugu aurtengoa, eta martxa honen inguruan gehiago jakiteko asmoz gerturatu gara Mikelengana.
Aurtengoa hogeitahirugarrena izango da, zein da martxa honen arrakastaren gakoa?
Urteekin egindako lana, ondo eta gauza ugariekin jarritako horniketak, inguruko mendien edertasuna eta jendearen laguntasuna dira Orozko Haranaren arrakastaren arrazoietako batzuk.
Hiru ibilbide proposatzen dituzue, zergatik?
Guk uste dugu, jende guztiak martxa hau egiteko aukera izan behar duela, gure inguruko mendiak ezagutu dezaten. Horregatik antolatzen ditugu 3 ibilbide.
Ibilbide laburra egiteko ez da behar prestakuntza fisiko ona edukitzerik eta eguna mendian igaro nahi duen edonorrentzat dago pentsatuta, Domekako goiza Gorbeian disfrutatu nahi duenarentzat.
Ibilbide Ertaina Gorbeiako Parke Naturalaz disfrutatu nahi duenak egin dezake. Eta Ibilbide luzeena fisikoki prestatuta dagoen jendeari zuzendua dago. Azken hau gainera, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako “Zirkuitua”-n sartuta dago eta ibilaldi hau egiten duten gehienak Zirkuitu honetako partehartzaileak dira.
Euskal Herriko Federazioak antolatzen duen iraupen luzeko martxen zirkuituaren barruan kokatzen da martxa, zer esan nahi du horrek?
Euskal Herriko Federazioak urtean zehar iraupen luzeko hainbat martxa antolatzen ditu mendizaleek euskal herriko inguruetaz goza dezaten.
Mendizaleek Euskal Herriko lurralde guztietatik igaro diren 22 ibilaldietan parte hartzeko aukera dute. Ibilaldi hauek 42 km baino luzeagoak dira eta Zirkuitu hau betetzeko 22 ibilaldi horietatik derrigorrean zortzi ibilaldi egin beharko dira, lau lurraldeetatik bana gutxienez. Urtearen amaieran Zirkuitu hau bete duten guztiek opari bat jasoko dute Euskal Mendi Federazioak antolatutako jai batean. Erregulartasuna, ahalegina eta elkarren arteko adiskidetasuna sustatzeko xedearekin antolatzen ditu EMFak iraupen luzeko ibilaldiak. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko mendizale elkarteekin elkarlanean prestatu ditu Zirkuitua 2011 osatzen duten 22 ibilaldi luze hauek. Zirkuitu honen azken ibilaldia Orozkon ospatuko duguna izango da.
Lan handia da suposatzen du horrenbeste jende koordinatzeak, zenbat lagun zaudete martxa antolatzen?
Martxa hau guztia antolatzeko jende askoren laguntza behar da. Baina guri ez zaigu zaila egiten laguntzeko jendea aurkitzea, jendea urtero urtero lan egiteko prest agertzen baita. Egia da laguntasun handia dugula herriko jendearen partez. Saila da zenbaki konkretu bat esatea baina orokorrean antolaketan 100 pertsona inguru lan egiten dugula esan daiteke.Egunean bertan lan egiten ikusten ditugun pertsonak soilik ez ditugu kontuan hartu behar, martxa eguna aurretik jende askok partehartzen baitu hainbat eginkizunetan egunerako dena prest egon dadin.
Horrelako martxa jendetsuek mendia hondatzen dutela dio batek baino gehiagok...
Gai honi buruz luze hitz egin daiteke, baina gure kasuan, normalean, martxa honetara datozen mendizale gehienak gure ingurugiroa zaintzen saiatzen dira. Ibilaldi hau egitera datozen guztiek badakite arau batzuk bete behar dituztela: ezin dute inolako zaborrik mendian utzi eta gure ingurua modu egokian zaindu behar dute. Hala eta guztiz ere, antolakuntzaren aldetik, ibilbidean zehar garbiketa lanak burutzen dira gure mendia garbi eta egoki uzten dela ziurtatzeko.
Urtean zehar ere bestelako ekimenak antolatzen ditu al ditu Itxinape mendi taldeak?
Urtea amaitu baino lehen hurrengo urteko ekintzen egutegi bat egiten da. Bertan urtero egiten diren ekintza finkoak ditugu, eski irteera bat, kanporamartxo, mendi lasterketa, urte amaierako indabakada, finalisten jaia, sagardotegiko irteera, asteburu bateko udako irteera esaterako; eta hauetaz aparte urtean zehar beste hainbat mendi irteera antolatzen dira.
Hori bai, ez dugu ahaztu behar hauek guztiak jende askoren laguntzari esker burutzen direla.