IÑAKI ISASI FLORES (1977). Txirrindulari profesional moduan 11 urte eman ondoren, bizikleta gaineko lana utzi eta Euskadi Fundazioaren Kirol-zuzendari berria izango da 34 urteko aiararra. Arespalditzan jaio eta bizi den Iñaki Isasik Etxaurren eta Laudio ikastolan egin zituen ikasketak. Gazte-gaztetatik izan gu Iñakik bizikleta afizio, eta aurrerantzean ere txirrindularitzaren mundua izango du ofizio. Aita izan berritan harrapatu dugu gure galderekin Iñaki, ibilibide profesional berri honen inguruan gehiago jakiteko asmotan.
Hamaika urte txirrindulari profesional bezala eman ondoren, erabaki gogorra izan da bizikleta profesionalki albo batera uztea?
Ez da erabaki gogorra izan. Pena ematen dit, bai, baina 34 urtekin holako aukera aprobetxatu behar dudala argi daukat. Txirrindulari moduan urte asko ez zaizkidala geratzen kontutan hartuz aukera zuzena dela uste dut.
Duela urte batzuk kirol zuzendariaren tituloa atera nuen holako eskaintza agertzekotan aprobetxatu ahal izateko. Ilusio handia egiten dit lan berri honek. Mundu honetan jarraitzeko aukera polita da.
Txirrindula gainean gehiago egin zenezakenaren sentimendua gelditu zaizu?
Ez. Pena ematen dit garaipen bat lortu ez izana. Horretarako gaitasuna izan dut, baina suerte apur bat falta izan zaidala esango nuke. Taldekideentzako lan handia egin dut gehienetan eta zaila da zure buruarentzako aukera duzunean asmatzea. Egun hoietan indarra eta suertea elkarrekin joan behar dira eta nire kasuan ez da horrela gertatu.
Ahal izan dudan guztia entrenatu eta zaindu naiz, eta lasterketa guztietan topera irten naiz, beraz pozik nago egindako lanarekin.
Zer eman eta zer kendu dizu txirrindularitzak?
Esperientzia paregabea izan da. Lagun pilo egin ditut eta leku asko ezagutu ditut. Une polit asko bizi ditut taldekideekin. Amets bat zen niretzako profesionala izatea eta egi bihurtu da. Gaztea zarenean zailagoa da gauza batzuk aparte uztea baina profesionala zarenean zure lana da eta utzi egin behar dituzu. Hala ere, urteekin, bizitza lasai batera ohitzen zara eta errazagoa egiten da. Txirrindulari izateko asko entrenatu behar duzu eta atseden asko egin behar duzu. Eguneko 24 orduak txirrindularia izan behar zara eta batzutan gogorra egiten da baina...beste ogibide batzuetan goizeko 5etan altzatu behar zara eta lan honetan bizitza lasaia eta egituratua eraman behar duzu, ez dago hain txarto ezta?
14 urte eman dituzu Euskadi Fundazioari lotuta, taldearekiko atxikimendu berezia duzu? zergatik?
Taldeak duen filosofia polita da. Euskaldunez osatutako talde batekin, Euskal Herriaren izena munduan zehar eramatea, oso polita da. Euskadi Fundazioari zor diot, ametsa egi bihurtzeko emandako aukera.
Tourrean, pirineotan, eta lasterketa askotan jarraitzale euskaldun pilo taldeari animatzen sentitzea gauza haundia da! Azaltzen zaila den sentimendua.
Talde honek aurrekontu txikia duen arren, haundiena da niretzako.
Zein izango da aurrerantzean Kirol-zuzendari bezala egingo duzun lana?
Oraindik ez gara elkartu nire lana zein den zehazteko. Lan berria da niretzako ta asko ikasi behar dut. 11 urte egin ditut tropel barruan eta zeozer badakit baina ikuspuntu ezberdina da lasterketa autotik ikustea. Hasierako lasterketetan 2. zuzendari modura joango naiz eta gauza horiek ikusten joan behar naiz.
Horrez gain taldearen inguruan gauza asko antolatu behar dira. Bidaiak, materiala... horretan ere lagundu beharko dut.
Zuk taldean utzitako lekua txirrindulari berri batek hartuko du, nola datoz txirrindulari berriak?
Gero eta txirrindulari gazte gutxiago dago. Gazte mailetan tropelak txikiak dira eta hori arazo bat da. Kantitatetik lortzen da kalitatea. Lehiakortasun txikia badago kalitatea jeisten da. Harrituta nago hala ere, taldera ailegatzen ari diren gazteekin. Maila oso polita dute. Hain gazte izanik 'world tour' ligara oso ondo moldatzen ari dira. Mikel Landa, Peio Bilbao, Izagirre anaiak zer esan haundia emango dute laster. Euskadi fundazioak gazteentzako talde gehiago ditu, Orbea eta Naturgas. Lan ona egiten ari da zentzu horretan.
Eta Aiaraldean, etorkizunik bada txirrindularitzan?
Txirrindulari gazte gutxi dago. Afizionatu mailan, Jon Larrinaga eta Asier Bolivar daude eta ziklokrossean David Hidalgo. Junior mailan, Aitor Rey. Bera ere gauza politak egiten ari da errepidean nahiz pistan.
Gaur egun, talde bakarra dago Aiaran. Aiara txirrindulari elkarteko 'Optica Luyando-talleres Gancedo' kadete mailan. Ni hasi nintzen talde bera da hau. Eskertzekoa da babesleen eta gazte hauekin lan egiten dutenen esfortsua. Balentxu, Alañak eta beste askok bere denbora musutruk ematen dute kirol honen alde. Amurrio, Artziniega eta Laudioko txirrindulari elkarteek ere, lan polita egiten dute gazteentzako lasterketak antolatzen. Ea pixkanaka gazte gehiago agertzen den.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide