Atzo egindako udalbatzan onartu zen orain artean jendeak "Aldaikoerreka" plaza bezala ezagutu duen horri "Aldai" plaza izena ematea, bai eta kiroldegira bidean sortu berri den hiruki formako plazari "Granja" plaza deitzea. Erabakia, EAJren, Bilduren eta PSE-EE-ren aldeko botoekin hartu zen, Ominia eta Alderdi Popularra ordea, abstenitu egin ziren.
Udalbatzan abstenitu ziren bi taldeek euren botoa arrazoitu zuten; horrela, Carlos Urquijo alderdi popularreko eledunak adierazi zuen, aurreko legegintzaldian indarrean mantendu den irizpidearen alde egiten zuela oraingo honetan ere "etengabe toponimiari lotutako izendapenak egin beharrean, gogoratzea merezi duten laudioarren izenak erabiltzea" alegia. Omnia taldeko Nerea Gonzalezek azaldu zuen, erabaki honek jendea are eta gehiago nahastuko zuela aipatu zuen, "agiri ofizialetan ere Aldaikoerreka" izendapena erabili izan delako orain arte.
Euskara sailak proposatu eta udalbatzan onartutako izendapen berrien inguruko txostenak agintzen duenez, orain arte Herriko Plaza eta Lanbide heziketa eskolaren artean dagoen plaza izendatzeko gehien erabili den izena Aldaikoerreka izan da, "bertan dagoen aparkalekua kudeatzen duen enpresaren izenetik hartua (Aldaikoerreka Parking, S. L.)". Izen hori hortik pasatzen den ibaiaren izenetik (Aldaikoerreka) hartu zen eta beronek, hor zegoen Aldai izeneko etxearenetik (bere esanahia, 'Aldai etxearen ondoko erreka' izan daiteke, gutxi gorabehera).
Atzoko udalbatzak "Aldai" leku-izenaren alde egin zuen; "Aldai etxeak zutik iraun zuen duela mende laurden batera arte. Gure ikuspegi historiko mugatutik gogoratzeko, ezagun dugu bertan zegoelako "Z liburu-denda". Garai zaharragoetara joanda, badakigu hor errementeria aski ezagun bat izan zela".
Granja plaza
Orain artean hiruki formako plaza bezala ezaguna izan denarentzako proposamena egina zuen Laudioko Galiziarren Elkarteak leku berri horri "Galiziari edo bertakoak izandako pertsonaia entzutetsuei eskainitako adosteko izen bat" jartzeko. Euskara Arloak toponimiaren alde egiteko iritzia agertuta, Granja plazaren izendapen berriak ere, bertan duela oso gutxira arte zutik izan den "Granja" baserri-etxeari egiten dio erreferentzia, eta txostenean azaltzen denez, tradizio handiko izendapena da; "1895. urtean egindako etxe-errolda batean bi jabego agertzen dira Granja izendapena dutenak: Urquijo markesarena bata, eta Ramon Urquiza Urquijo delako batena bestea. Gainera, eta Bittor Arbizu ikertzaile laudioarrak jasotako informazioari esker dakigu izen hau XVIII. mendean ere dokumentatu zela. Hau horrela dela ziurtatu ahal izango bagenu, Granja izendapena markesaren kortei lotutakoa denaren sinismen herrikoia bertan behera jausiko litzateke.