Bilboko Errekalde auzoko Kukutza III gaztetxea hustu eta eraisteko agindua dela eta, atzo istilu ugari gertatu ziren hiri guztian. Poliziak dozenaka lagun zauritu eta atxilotu zituen. Atxilotuen arteko gutxienez hiru laudioarrak dira.
Atxilotutako pertsonetako baten senideek adierazi digutenaren arabera, goizaldeko bostetan izan ziren hiru gazteak atxilotuak. Oraindik ere leporatzen dizkieten delituak zehatz mehatz zeintzuk diren ez dakigun arren, arratsaldeko lauretan eramango dituzte epailearen aurrera, orduan argituko da zein egoeratan geratzen diren atxilotutako hiru laudioarrak. Senideek jakin ahal izan dute hiru gazteak "ondo" daudela.
Asanblada informatiboa eta konzentrazioa gaur arratsaldean
Atxiloketak eta gaztetxearen eraisketa salatzeko, asanblada informatiboa eta elkarretaratzea deitu da arratsaldeko zortziretarako "erasoen gainetik, gazteria aurrera" lemapean.