Lau urteko legegintzaldia agortuta, datorren asteazkenean, hilak 28, hautatuko dira Aiarako Eskualdea bezala ezaguna den instituzioaren ordezkariak. Ekitaldia eguerdiko 12etan izango da, antzina antzinatik Aiarako ordezkarian hautatuak izan diren Zaraobeko Mahaia esanguratsuaren bueltan hain zuzen ere.
Aiarako Eskualdea erakundean ordezkariak udal eta foru hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera banatzen dira, eta kasu honetan, EAJ alderdia eta Bildu koalizioa ordezkarietan berdinduta daude, hamaika baitituzte biek ere, Bilduren zerrenda izan zen baina, maiatzaren 22ko hauteskundeetan bozka kopuru gehien lortu zuena. PSEk eta PPk bina ordezkari dituzte, eta aurten sortutako plataforma independente bakoitzak bana; Omnia, Aiara Batuz eta Okondo Bai-k hain zuzen ere.
Ematen duenez, alderdi popularrak EAJren hautagaitzaren alde egingo du, eta alderdi sozialistak ordea abstentzioaren alde. Giltza beraz alderdi eta plataforma independenteek izango dute asteazkenean, balantza Bilduren edo EAJren alde egiteko.
Aiarak, Amurrion, Okondok, Laudiok eta Artziniegak osatzen duten Aiarako Eskualdearen eskumenak lurralde horri dagozkion gaien gainekoak dira, eta 29 ordezkarik osatzen dute entitatea. Hauek dira herri bakoitzari dagozkion ordezkariak:
Amurrio 9
Laudio 9
Aiara 5
Artziniega 3
Okondo 3