Eusko Alkartasunak prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez, Pedro Picaza Urrutxurtu Aiarako miitante abertzalea irailaren 6an zendu zen 65 urte zituela. Eusko Alkartasuna alderdia sortu zenetik bertatik izan da Picaza alderdiko kidea, hiru legegintzalditan Aiarako Udaleko zinegotzia; 1987tik 1995era, eta 2007tik 2011ra.
Azkeneko udal-hauteskundeetan ere Bildu koalizio independentistako Aiarako zerrendan parte hartu zuen Picazak, eta zendu den arte Arabako Eusko Alkartasunako Arabako asanblada kidea izan da, bai eta Arespalditzako Administrazio-batzarrekoa ere.
Kaleratutako oharrean Pedro Picazaren izaera euskaldun eta euskaltzalea nabarmendu du alderdi abertzaleak, eta Etxaurren Ikastolako sortzaileetako bat izan zela gogora ekarri du.
Eusko Alkartasunak jakitera eman duenez, militante abertzalearen aldeko elizkizunak gaur izango dira Arespalditzako elizan, arratsaldeko 18:00etan.