Azken urte hauetan Aiaraldean euskal soinu tresnen ezagutza eta zabalpenean lan handia egin duen Fi ta Fik eskola martxan da berriz ere. Udan eskolak geldi egon badira ere, han hemenka ikusi ahal izan ditugu gure herrietako jaietan parte hartzen. Ikasturtea hastear dagoela, irabazi asmorik gabeko kultur elkarte honek bere eskola eskaintza zabaldu du Laudion eta Urduñan.
Aurtengo aukerak, ohi bezala, oparoak; alboka, nafar gaita eta dultzaina, trikitixa eta pandereta, txistu eta danbolina, txirula, txalaparta, perkusioa, musika-hizkuntza, talde instrumentalak eta euskal kantuen ingurukoa izango da. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 5etik (astelehena) 8ra bitarte (osteguna), eta bi herrietan eman ahal izango da izena; Laudioko udaletxe zaharrean eta Urduñako FP-Profesionales ikastetxean, bi kasuetan arratsaldeko18:00etatik 20:00etara.
Informazio gehiago jaso edo zein nahi zalantza argitzeko, Fi ta Fik euskal soinu tresna eskolak telefono zenbaki bat eta e-posta helbide bat jarri ditu jendearen eskura; 615 73 44 33 eta fitafikelkartea@euskalerria.org.