Ayala Valley enpresa gazteko kideek urratutako bideari jarraituta, guk ere gure ahalegin txikia egin nahi izan dugu gero eta ugariagoak eta erabiliagoak diren sakelako telefonoetarako aplikazioen esparruan. Hartara, Aiaraldea Komunikazio Leihoko web-garatzaileek Amurrioko jaien egitaraua osoa telefono mugikorrean kontsultatzeko aplikazioa garatu dute.
Aplikazio hori kontsultatzeko bi modu daude; lerroan egitea, hau da, internet sarbidea duten gailuen bitartez sarera konektatuta egitea, edo bestela aplikazioa android teknologia darabilten telefonoetan deskargatzea (internet srbide gabe kontsultatu ahal izateko).
Aplikazio honen zabalpenerako QR kodea erabiliko dugu; egun hauetan kalean, gazte-lokaletan, geltokietan zein beste espazio publikoetan topatu ahal izango duzue ezkerreko zutabean ageri den kode irudi hori. Sakelako gailuarekin kodea irakurri eta aplikazioaren gunera jo ahal izango duzue.
QR kodeak, bi dimentsiotako barra kodeak
Wikipediak azaltzen duenez, QR kodea (ingelesetik: Quick Response Barcode) Denso-Wase konpoinia japoniarrak 1994an sortutako bi dimentsiotako barra-kodea da. Kode honek datuen matrize baten itxura dauka, koadro formako eredu batean atzeko planoa kolore zuriz eta gainean kokatutako koadrotxoak beltzez agertzen direlarik. Kode hauetan edozein informazio gorde daiteke, baina gehien bat URLak edo testua gordetzeko erabiltzen dira. Izkinetan hiru lauki handi ditu, irakurgailuek kodearen kokapena antzematea ahalbidetzeko.