Ostiralean 19 metroko luzera zuen kamioi austriar bat Arakaldon sartu zen Donostiarako autobidea hartzeko asmoz, antza denez, GPSaren aginduei jarraituta. Zailtasunak zailtasun, zubia zeharkatu eta herriko plazaraino heldu zen, bidean, hainbat kalte eraginez Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenekoa den zubian eta errepidean. Herriko plazan bira eman zuen herritik ateratzeko xedearekin eta Errekatxu izeneko txokoaren eta errekaren arteko hesi bat ere apurtu zuen. Berriro ere herriko sarbide bakarra den zubira heldu zelarik, ez zuen behar bezala biratu ez zeukalako nahiko lekurik maniobra egiteko. Horrenbestez, zubiaren hesia apurtu zuen eta eskumako gurpilak zubiaren ertzean gelditu ziren ibaira erortzeko arriskuarekin. Kamioilariak ezin izan zuen kamioia mugitu eta zubia guztiz itxita gelditu zen ibilgailuetarako, oinezkoek ere zailtasunekin igaro ahal zuten. Une horretatik aurrera Arakaldora iristen ziren herritarrek zein Arakaldotik irten behar zutenek ezin izan zuten zubia zeharkatu beren ibilgailuekin. Ezbeharra gertatu eta gutxira, Ertzaintza eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak zein Arakaldoko udaleko kideak hurbildu ziren.
Herrira sartzeko eta herritik ateratzeko sarbide bakarra itxita, Arakaldoko biztanleak euren artean moldatu ziren zubiaren alde batean eta bestean zeuden kotxeekin norbaitek herritik irten edo herrira sartu behar bazuen. Beste batzuek, arriskuak arrisku, Anuntzibairantz doan baso-bidea hartu zuten herritik irteteko edo herrira sartzeko.
Azkenerako kamioia mugitzeko garabi bat agertu zen, baina zubiaren sarrera baino txikiegia zen horrelako kamioi bat mugitzeko, gainera atzeko partetik ere zuzendu behar zuen kamioia atera ahal izateko. Konponbide bezala AP-68 Autobideko hesia apurtu eta bertatik garabi handiago bat sartu zuten herrira kamioiaren atzeko partera heltzeko. Gaueko ordu batean lortu zuten kamioia zubitik ateratzea eta Arakaldorako sarbidea irekita gelditu zen.
Kamiolaria ez zen istripua gertatu zen unetik kamiotik atera ere egin. Ertzaintzak arduragabekeriagatik eta zegozkion baimen ezagatik 4000 € baino gehiagoko isuna jarri zion. Kamioilaria atzerritarra denez, isuna ordaindu eta baimenak eskuratu beharko ditu berriz ere bere bideari heldu nahi badio. Gainera, gidariaren aseguruak Bizkaiko Foru Aldundiaren zein Arakaldoko Udalaren ondasunetan egindako kalteak ordaindu beharko ditu. Une honetan kamioia geldirik dago Arrankudiagako Xarmanta jatetxeko aparkalekuan.