Okondoko Udalak, hainbat elkarte eta eskualdeko 7 upategirekin batera antolatutako Txakolin Festa honek hirugarren edizioa du aurtengoa. Larunbata goizean ospatuko da, uztailak 16, eta Julian Iantzi izango da edizio honetako “aitabitxia”.
Eguerditik hasita, txakolin eta hegaluzearen dastaketa egingo da San Bartolome plazan, eta bertaratuek Aiaraldeko zazpi upategi ezberdinetako txakolina dastatzeko aukera izango dute; Garate, Señorio de Astobitza, Arzabro, Artomaña, Xarmant, Beldui eta Txomin Solaunen “Mahatxuri” txakolina.
Arabako Txakolinaren idazkaria den José Antonio Merino Belaustegiren esanetan, Txakolin Festa honen helburua Okondo txakolin ekoizle garrantzitsua dela jakinaraztea da. Hiru urte dira festa hau antolatzen hasi zirenetik, Okondoko zenbait ekoizleren eskakizunez.
Txakolina eta hegaluzea ez ezik, haurrentzako jolasak eta tailerrak ere eskainiko dira Amurrioko Aspaltza aisialdi taldearen eskutik, eta eguerdia girotzeko, Izalde Abesbatzak kontzertua eskainiko du.