Lan handia egin ondoren, Artziniegako toponimia jasotzen duen mapa prest dago. Bihar, uztailak 5 asteartea, arratsaldeko 19:30ean aurkeztuko dute Artziniegako Museoan. Lan honen egileek adierazi bezala, "toponimia da, azken finean, herri baten nortasun agiria, pertsonal eta besterenezina". Asteartean aurkeztuko duten lana "jende askoren lankidetzaren ondorioa" dela adierazi dute maparan sustatzaileek, "belaunaldi askok utzitako ondarea" hain zuzen ere.
Aurkezpenera gerturatzen denak mapa osatzeko lanaren nondik norakoak ezagutu ahal izango ditu lehen eskutik, eta mapa beraren ale bat jasoko du opari. Era berean, mapa formatu digitalean ere aurki egongo da eskuragai Artziniegako Udalaren web-gunean, bai eta paperean ere Udaletxean bertan. Lan honen sustatzaileek gogora ekarri nahi izan dute "mapak ikusteko ez ezik, erabiltzekoak ere" badirela.