Laudioko Bildu koalizioak hauteskundeen osteko lehenengo agerraldi publikoa egin zuen atzo, larunbatean izango den udalaren osaketan EAJ-PNVri bere hautagaitza "ez aurkezteko eta arduraz jokatzea" eskatuz. Pasadan astean aditzera eman zuen bezala, Laudioko Bildu ordezkaritza lortu duten eta ez duten alderdi ia guztiekin (Alderdi Popularrarekin izan ezik) batzartu da hauteskundeen osteko egoera aztertzeko.
Agerraldian Natxo Urkixok Bilduk Aiaraldean izandako emaitza onak goraipatu zituen, bai eta Araban gehiengoen osaketan emandako aldaketarako aukera ere; "lehenengo indarra izan gara gure eskualdean".
Larunbatean izango den Udal korporazio berriaren osaketari begira, Bilduk "laudioarrek hautes-ontzietan adierazitakoa errespetatzeko" eskatu dio EAJ-PNVri, eta hori egiteko "modu bakarra dago: Laudioko alkatetzarako haren hautagaitza ez aurkeztea". Adierazi dutenez, "laudioarrek gurea lehenengo indarra izatea nahi izan dute, eta beraz Natxo Urkixo alkate izatea". Hauteskundeetan 3.245 herritarren bozkak jaso zituztela gogora ekartzearekin batera, laudioarrak "aldaketa politiko eta sozialaren aldeko hautua" egin dutela nabarmendu zuten koalizio independentistako kideek.
Atzera begira jarrita, Natxo Urkixok gogora ekarri zuen "orain artean hauteskundeak irabazi dituen alderdiak osatu duela beti gobernua". EAJ-PNVren zuzendaritzak "herri guztietan euren hautagaiak aurkezteko eta bozkatzeko" hartutako erabakia herrietan erabaki beharrean, "laudioarren interesetatk urruti hartutako erabakia" dela salatu zuen.
Agerraldian adierazi zutenez; "gu Laudio gobernatzeko prest gaude eta hori gauzatzeko ilusioz. BILDUk atzetik kapital politiko handi dauka, abertzale eta ezkerrekoek urteetan zehar batzen joan diren esperientzia". Bilduren iritziz,
Laudion jasotzen den aniztasun politikoa ikusita, beste talde politikoekin akordioetara iristeko beharra nabarmendu zuten prentsaurrean "demokrazia horrelakoa da eta horrela hartzen dugu gure gain".
Azkenik, BILDUk Arabako beste herrietan egin duen bezala, "Laudioko herriari dei bat luzatu nahi diogu. Datorren larunbatean, hilaren 11an, udalbatza berriaren osaketara gerturatzeko deia zabaltzen diogu. Osoko Bilkura Aretoan egingo den eraketan aldaketa ospatzeko parada izan dezagun".