Victor Egia Larrakoetxea EAJ-PNVko hautagaiak (eta egungo alkateak) eta Jabi Asurmendi Sainz Bilduko hautagaiak gure erredakziora bidalitako prentsa-oharrean jakinarazi dute Durangoko Hauteskunde Batzordea izango dela “zozketa bitartez” erabakiko duena Arakaldoko alkatea zein izango den.
Arakaldon, herriaren biztanle kopuruagatik, zerrendak ez ezik, zerrendetako hautagaiak banaka hautatzeko aukera dute herritarrek; zerrenda bateko zein besteko. Gauzak horrela, hauek dira bi zerrendetako hautagai ezberdinek jasotako bozka kopuruak:
1. Jabi Asurmendi Sainz (Bildu): 42
2. Victor Egia Larrakoetxea (EAJ - PNV): 37
3. Monika Zalabarria Calzada (Bildu): 36
4. Maika Anguiano Ibarretxe (EAJ – PNV): 32
5. Herme Egia Larrakoetxea (EAJ - PNV) edo/ o Maite Mora Biñuales (Bildu): 30.
Bosgarren zinegotzia aukeratzerako orduan bozka kopuruan berdindu egin zuten igandean Herme Egiak (EAJ) eta Maite Morak (Bildu) -30 bozka jaso zituzten biek-. Durangoko hauteskunde batzordeak zozketa bidez erabakiko du 5. zinegotzia zein alderdikoa izango den, eta beraz, udal gobernua hautatzerako orduan, balantzak zein aldeetara egingo duen.
Datozen egunetan jakinaraziko dute zozketaren emaitzaren berri, edonola ere, ekainak 11a baino lehenago, hori batia udal gobernuak osatzeko legeak agintzen duen epea.