Udaletxe guztietan, Okondo (EA-ren eskuetatik Bilduren eskuetara pasa da) eta Artziniegan (EAJ mantendu da) ezik, alderdi bozkatuenak aldatu dira. Mugimendu sismiko garrantzitsuena Urduñan gertatu da dudarik gabe; Bilduk gehiengoa eskuratu du eta EAJ alkatetzatik baztertzea lortu du.
Hauteskunde hauetan argi agertu dira hiru fenómeno Aiaraldean. Alde batetik Bilduren agerraldi arrakastatsua. Zerrenda bozkatuenak bereak izan dira Arrankudiagan, Laudion, Arakaldon, Aiaran, Urduñan eta Okondon. Noski, eman behar diren ezkontza politikoak erabakiko dituzte alkatetzak Laudion, baina printzipioz sekulako aurrera pausua izan da hau koalizioarentzako.
Bestalde, EAJ-k azken urte hauetan izan duen nagusitasuna galdu neurri batean. Hala ere, jeltzaleek Amurrion irabazleak izan dira Bilduren gainetik (kontuan izan behar da EA zegoela alkatetzan eta Pablo Isasi ez dela aurkeztu zerrenda buru moduan) nahiz eta jeserleku kopuru bera eskuratu. Gainera, Artziniegan udaletxea mantendu dute.
Hirugarren fenomenoa, harrigarriena agian, zerrenda independienteen sarrera izan da. ADIEk EAJ-ri Orozkoko gotorlekua kendu dio, Aiara Batuzek, bere partez, bi eserleku izango ditu eta Omniak Laudion erabaki dezake nor izango den hurrengo alkatea. Okondo Bai, bi eserleku eskuratu ditu baita ere.
Alderdi konstituzionalisten artean, PSEk bozkak galdu ditu eta horri esker PPk bere emaitzak hobetu ditu.
Laudio: Bildu 6, EAJ 6, PSE 2, PP 2 eta Omnia 1.
Amurrio: EAJ 7, Bildu 7, PP 2 eta PSE 1.
Urduña: Bildu 6, EAJ 4 eta PP 1.
Artziniega: EAJ 4, Bildu 3 eta PP 2.
Orozko: ADIE 5, EAJ 4 eta Bildu 2.
Aiara: Bildu 4, EAJ 4, Aiara Batuz 2 eta PP 1.
Arrankudiaga: Bildu 4 eta EAJ 3.
Okondo: Bildu 5, Okondo bai 2 eta EAJ 2.
Arakaldo: Bildu 3 eta EAJ 2.