Ez da Xabier Montoia hizpide dugun lehenengo aldia. Duela hilabete batzuk, Golgota nobela ekarri genuen kultur leiho honetara. Montoia, ordea, ipuingile gisa nabarmendu da, eta, horregatik ezin nuen 10 ipuinez osatutako obra honetaz hitz egiteko aukera galdu.
Fucking artists haren azken lana da, baina Montoiak ibilbide luzea egin du idazle gisa, eta ipuin-bilduma gogoangarriak utzi dizkigu, besteak beste: Gasteizko hondartzak (1997koa) edo Euskal Hiria sutan (2006).
Obra honetan, esan bezala, 10 ipuin aurkituko ditu irakurleak. Barneraino sartzen zaizkigun 10 labankada dira, gure gizartearen miserien 10 erradiografia. Ipuinotan ez dago zoriontasunaren edo itxaropenaren arrastorik. Egungo mundua ankerra da, eta ilusioen eta ustezko arrakasten atzean ezkutatzen diren miseriak azaleratzen dira kontakizun ezin ilunago hauetan. Askotariko gaiak jorratzen ditu: familiako sekretuak, harremanen endekatzea, mitoen erorketa, betiko galtzaileen samina, ustezko irabazleen porrota... Ipuinok hainbat garai eta lekutan kokatuta egonik ere, tonu mingotsaz zipriztinduta daude denak, eta tonu hori da, hain zuzen, ipuin-sortari nolabaiteko batasuna ematen dion elementua. Gainera, badute beste zerbait komunean: protagonistak galtzaileak dira. Xabier Mendiguren editorearen hitzak gure eginez, “ametsa ukitu dute hatz puntarekin, baina hortxe gelditu dira, ezintasunak edota gabeziaren batek jota”. Izenburuak dioen moduan, beraz, “artista izorratuak" dira.
Gizarte usteldu honen benetako aurpegia erakutsi, eta gainera irakurleak gozaraztea lortzen du; hori da, nire ustez, benetako literaturaren gakoa. Nolabait esatearren, distantzia laburretan onena ematen duen horietakoa da Montoia. Etxeko intimitatera, pertsonaien arteko elkarrizketa eta laztan-keinuetara edo protagonistaren barrenera hurbiltzen denean lortzen du bere literaturak indarrik handiena.
Oso gustuko dut Xabier Montoia. Ahots propioa duelako, establishmenetik urrun dabilelako, ez duelako bere buruaz hitz egiten, ez dabilelako bere obrak saldu nahian, ironiaz jositako estilo gordin eta garratza darabilelako... baina, batez ere, bere lanak oso ondo idatzita egoteaz gain, gogoetarako iturri direlako. Ez da gutxi, gero. Bide batez, sekretutxo bat aitortuko dizuet, ile-apaindegi berera goaz, baina, tamalez, ez dugu sekula elkar topatu.