Apirilaren amaieran, San Prudentzioren ohorezko jaiek danbor-hotsak dakartzate Arabako bazter askotara. Gurean, Aiarako jaien txanda da, eskualdeko lehenengo jai handiak, Aiaraldeko jai-egutegiaren lehenengo hitzordu potoloa. Lau egunez, eguaztenetik zapatura, Arespalditzako kaleak musikaz eta animazioz beteko dira, eta gauak ere luzeak izango dira. Baina Aiara udalerri zabala denez, eta 24 herri dituelakontuan izanda, ekitaldiak ez dira soilik Arespalditzan egingo, eta Luiaondon ere kirol-erakustaldi batzuk ikusteko aukera izango da.
Jaien hasiera iragartzen duen suziria asteazkenean botako da, arratsaldeko 19:00etan, Arespalditzako plazan. Horren ostean dantza-erakustaldia egongo da eta Kuklux fanfarriak giroa alaituko die txorizoa jatera geratzen direnei. Gauean Lisker talde mitikoaren txanda etorriko da. Urte asko eman dute Euskal Herri osoan zehar gauak animatzen eta oraindik ere indartsu dabiltza eta jendearen eskerrona jasotzen dute. Ostegunean San Prudentzioetako egun handia ospatzeko Etxaurren ikastolako umeek danborrada egingo dute, arratsaldez “San Prudentzio” herri-kirol txapelketa egingo da, eta gauean ere dantzaldia egongo da ordu txikiak arte Jamaika orkestrarekin.
Ostirala eta larunbata, berriz, gure inguruko jaietan ohikoa den legez, txikienei eta nagusienei eskainitako jai-egunak izango dira. Ostiralean, umeentzako jarduerek beteko dute eguna, eta larunbatean, ostera, hainbat ekitaldi egongo dira, gustu guztietarako: ehiza-txapelketa, kantaldia, bolo-jaurtiketa, gauean dantzaldia... kirolak ere leku zabala izango du zapatuan; izan ere, bi txirrindularitza-lasterketa egingo dira bertan, Arabako Hiru Egunetako 3. etapa eta kadete mailako Jesus Isasi memoriala.
Badakizue, erdu Arespalditzara, gozatu eta motoreak berotu atoan etorriko zaizkigun otxomaioetarako.