Ane eta Jon senar-emazteak dira, bi alabatxo dituzte eta familia eredugarria osatzen dute. Egun batean, baina, Anek Mikel ezagutzen du eta seko maitemintzen da, hezurretaraino. Hiru hilabeteko harreman ezkutuaren ondoren, Anek familia atzean utzi eta Mikelekin alde egiten du. Etxetik kanpo sei urte eta erdi eman eta gero, egun batean, tupustean, etxean agertu da, senarrak eta alabek eraikitako egunerokotasuna hautsiz. Jonek ondo hartu du Ane, abegikor jokatzen du, baina ez daki nola egin behar dion aurre egoerari. Horregatik, Aneren lagun mina den Karmeleren laguntzaz, psikoanalistarengana eraman du emaztea. Orduantxe, hain zuzen, hasten da eleberria.
Kontakizunak Anek eta Estebanek, psikoanalistak, dituzten elkarrizketak ditu oinarri. Haien bidez, Aneren bizipenak ezagutuko ditugu, senarra uzteko izan zituen arrazoiak, etxera itzultzera bultzatu zuten gorabeherak eta, azkenik, iraganeko kontu ilun-ilunak. Eleberriaren hari nagusia, baina, maitasuna da: bakoitzarentzat duen esanahia, bakoitzak nola bizi duen... Maitasuna sufrimendu-iturri da, hori jakin badakigu. Hasiera bateko maitemina eta pasioa amaitu egiten dira. Orduan zer? Kasurik onenean beste zerbait bilakatzen dira: errespetua, bizikidetza, adeitasuna... Gerta liteke, ostera, pasioa amaitu eta gero pertsona horrekin egoteari uko egitea, gero etorriko dena jasateko prest ez gaudelako. Jokaera hori zilegi den ala ez bakoitzak erabaki behar du.
Kontua da, maitasunak min egingo digula jakin arren, pasioa lehenago edo beranduago amaituko dela ziur jakin arren, maitemintzeko berezko joera duela gizakiak, bi aldiz harri berarekin estropezu egitekoa, hain zuzen. Hona hemen Aneren hitzak:“Zergatik maitemintzen gara horrela? Zerk eragiten du zoramena, gainezkadura kontrolaezina? Zergatik hiltzen da sentimendu intentso hori sortu, irauli eta gero, zerk bultzatuta, nondik sortua, nola itzaltzen da? Tragedia grekoa bezalakoa da maitasuna, latza, absurdua. Ziklikoa dela jakin arren, behin eta berriz sentitzera kondenaturik gaude, mundua mundu denetik, eta amaituko den arte".
Erraz uler daiteke, beraz, Sisifok maiteminduekin duen lotura. Mitologia greziarreko pertsonaia da Sisifo: gizakien artean azkarrena zen eta egindako iruzurrak zirela medio, infernura bidali zuen Zeusek. Harritzar bat maldan gora igotzeko zigorra jarri zion. Baina gailurrera iritsi bezain pronto harkaitza amildu egiten zen. “Jainkoek ezarritako zigorra bailitzen, maitasunak jo eta mindu egiten gaitu, gizakiak munduan sortu zirenetik, jo eta mindu egiten gaitu maitasunak, behin eta berriz. Itsatsirik dago gizakiari, harria Sisifori itsatsi zioten bezala, kondenaz, zigorraz, eternoki. [...] Alferrikako lana den arren, lan absurdua eta eternoa den arren, Sisifo menditik jaitsi eta bere harriaren bila joaten da behin eta berriz, bere patuari fidel. [...] Maitasunak mintzen gaituen bakoitzean, berria da maitasuna, bidaia bakoitzean Sisifok harria berritzat hartzen duen bezalaxe”.
Laura Mintegiren laugarren nobela dugu honako hau. Idazlea ezagutzen ez duzuenontzat, eleberri hau oso gomendagarria da bere lanera hurbiltzen hasteko. Mamitsua da, baina aldi berean irakurterraza. Aneren istorioa aitzakia hartuta, maitasunari buruzko tratatua idatzi du Mintegik, eta bertan aurkituko ditugun esaldi borobil-borobilak hausnarketarako bide izango dira, zalantzarik gabe.