Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Kolejioak jarritako alegazioaren ondorioz geratu egin da Abasto plaza eraberritzeko proiektuaren kontratazio prozesua. Kolejioko dekanoak kontratazioa esleitzeko jakinarazpenaren eta baldintza-agiriaren aurka egin du oinarrietan irregulartasuna eman denaren ustetan.
Kasu konkretu honetan, irregulartasunaren funtsa proiektuak aurkezteko arkitekto titulazioa eskatzearena izan da, horrelako proiektuak garatzeko ingeniariak ere gaituta daudela iritzita, alegazioa aurkeztu du Kolejioak.
Laudioko Udalak, alegazio honen aurrean, esleipen prozesua gelditzea erabaki du, “etorkizunean sortu daitezkeen arazoak ekiditeko”. Jon Karla Menoio alkateak adierazi duenez, “erabaki honek asko atzeratuko du gure gobernuarentzat lehentasunezkoa den proiektua”.
Abasto plaza eraberritzeko 38 proiektu aurkeztu dira gaurdaino (Euskal Herritik bertatik eta Espainiako Estatutik ere jasotakoak), baina pentsatzekoa da gehiago ere izango direla Ingeniarien Kolejioak jarritako alegazioa aintzat hartzen bada, ingeniariek ere parte hartu ahal izango dutelako bertan.
4 urteko atzerapena duen proiektua
Duela lau urte iragarri zuen Jon Karla Menoio alkateak azoka eremuaren berritzea, eta nahiz eta ematen zuen oraingoan proiektuaren esleipenaren urratsa emango zela, berriro ere atzeratu egingo da.
Azokako erabiltzaile eta merkatariak sarri kexatu dira Udalak azokarekiko izan duen utzikeriagatik, eta duela zenbait aste, eskaera hauei erantzun asmotan, Udalak neguko hotzari aurre egiteko kale-berogailuak erosi ditu egoera konpondu bitartean. Merkatariek orduan adierazi zuten neurri hau ez dela nahikoa, eta azoka eremua eraberritzeko lanak lehenbailehen abiaraztea exijitu zioten Udalari.