Oraingoan kontakizun labur bat ekarri dugu literaturaren txoko honetara. Baina nobela hau handia da bere txikitasunean. II. Mundu Gerra aurreko emakumeen kezka eta ezinak kontatzen dizkigu Natalia Ginzburgek, eta Delia gaztea da protagonista. Landa giroko herri xume eta triste batean jaio da, baina zubiaren beste aldean dagoen hiria du jomuga. Etxeko miseriak eta ezinikusiak atzean utzi, eta hiriko giroaz gozatu nahi du. Izan ere, hiria askatasunaren sinbolo da, jaioterrira lotzen duten kateak puskatu eta norberaren buruaren jabe izateko aukera ematen duen tokia. Era berean, hirira doan bide hori heldutasunerako bide gisa ulertu behar da. Bidea, ordea, latza da oso.
Irakurketan aurrera egin ahala, Deliaren heltze-prozesuaren lekuko izango gara. Ezkontzeko irrikitan dagoen neskatila senarra eta semea dituen emakumea bilakatuko da. Beldurrak jota zegoen gaztea nahieran bizi den andrazko bihurtuko zaigu. Pena da, prozesu horretan gaztaroaren xalotasuna eta naturaltasuna galduko dituelako. Azkenean, bai, hirian bizitzea lortuko du, baina bidean gauza asko galduko ditu Deliak; besteak beste, benetan maite duen mutila: Nini. Gainera, asko sufritu beharko du. 17 urterekin haurdun utziko du Giuliok, alkatearen semeak, eta gurasoek, haurra jaio bitartean, izeba zikoitz baten etxera bidaliko dute.
Deliak bere bizitzaren gorabeherak kontatzen dizkigu lehen pertsonan, eta garraztasuna eta mina adierazteko, hizkera garbia eta gordina darabil. Kontaera gardena eta ahots lehorra dira, hain zuzen, autorearen ezaugarririk behinenak.
Hirira doan bidea izan zen Natalia Ginzburg-ek argitaratutako lehen nobela. Palermon jaioa 1916an, 3 urte zituela aldatu zen familia Torinora; Italiako beste muturrera, beraz. Aita anatomiako irakasle eta intelektuala zen, eta amaren parteko aitona abokatu sozialista. 1938an Leone Ginzburg literatura-irakaslearekin ezkondu zen. Jatorri errusiarra zuen, eta antifaxista zen. 1944. urtean atxilotu eta hil arte torturatu zuten. Natalia Torinora itzuli zen, eta han Einaudi argitaletxean lan egin zuen, editore, idazle eta antzerkigile gisa. Erroman hil zen 1991n.
Natalia Ginzburg-i eguneroko bizitza interesatzen zaio, bizipen txikiek ezkutatzen dituzten sekretuak. Istorio xumeenetan literatura-ale handiak aurki daitezkeela erakusten digu. "Esaldi bakoitza zartada edo belarrondoko bat izatea nahi "zuela adierazi zuen egileak, eta lortu egin du, zalantzarik gabe. Dena den, lan honetan isiltzen denak esaten denaren bezainbesteko garrantzia du. Garaiz esaten ez direnak bizitza osorako zama bihurtzen direlako.