Lauren Uria Aiarako zinegotziak Luiaondoko tren geltokirako sarbidea den zubiaren egoera kaskarra salatu du komunikabideetara igorritako prentsa oharrean. EAko zinegotziak aditzera eman duenez, “hilabeteak dira zubiaren paretetako bat eraitsita dagoela, eta zubia egoera horretan egoteak arrisku handia dakar oinezkoentzat eta ibilgailuentzat”.
Aiarako zinegotziak azaldu duenez, “Udalarenak dira zubiaren gaineko eskumenak, eta Udalari dagokio beraz konponketa eta mantentze-lanez arduratzea”. “Arriskua nabarmena da, zubia 5 metro inguruko altueran dagoelako”.
Uriak azaldu duenez, “gaur artean Udalak egoera hau bideratzeko egin duen gauza bakarra obra hesi batzuk jartzea izan da, eta hori ondo dago, baina behin-behineko neurri bezala beti ere. Egoera behin betiko konpondu beharra dago, ekonomikoki ere Udalak bere gain hartu dezakeen gastua delako” adierazi du.