Jaiak Koordinakundeak antolatuko ditu 2011ko Inauteriak

Erabiltzailearen aurpegia Gartzen Garaio Atxurra 2011ko urt. 21a, 01:00

2011n, Laudioko Inauteriak ospatzeko egingo diren ekitaldiak antolatzeko ardura bere gain hartuko du Jaiak Koordinakundeak. Hilabete batzuk dira herriko hainbat kultur eta jai-talde biltzen dituen koordinakundea lanean ari dela  inauteri jaien antolaketa euren gain hartzeko udalari aurkezteko proposamena lantzen. Galtzagorri kultur taldeak herriko inauteriak antolatzeko ardura utzi zuenetik, udalak enpresa pribatu baten esku utzi izan du lan hau.

2011n, Laudioko Inauteriak ospatzeko egingo diren ekitaldiak antolatzeko ardura bere gain hartuko du Jaiak Koordinakundeak. Hilabete batzuk dira herriko hainbat kultur eta jai-talde biltzen dituen koordinakundea lanean ari dela  inauteri jaien antolaketa euren gain hartzeko udalari aurkezteko proposamena lantzen. Galtzagorri kultur taldeak herriko inauteriak antolatzeko ardura utzi zuenetik, udalak enpresa pribatu baten esku utzi izan du lan hau. 2011an ordea, berriro ere, elkarteen eta herrigintzaren eskuetara itzuliko da martxoaren 5etik 8ra Laudio jai eta kolorez jantziko duen festa egunen egitaraua antolatzeko ardura, Koordinakundeak aurkeztutako proposamena onartu baitu Udalak.

Jaiak Koordinakundeko kideek adierazi digutenez, “ospakizunari bultzada berri bat ematea eta ahalik eta elkarte eta pertsona gehienen parte-hartzea eta inplikazioa lortzea dira Jaiak Koordinakundearen helburu nagusiak”.

Martxoaren 5ean dena prest egon dadin buru-belarri ari dira lanean Koordinakundeko kideak; “larunbateko desfile handia eta asteartean Lezeagako sorgina erretzeko egiten den ekitaldia dira Laudioko Inauterien bizkarrezurra, eta bi ardatz horiei indar berria emateko lanean ari gara”. Berrikuntzak ere iragarri dituzte koordinakundeko kideek; “ilusio eta gogo biziz egindako egitarau oparoa prestatzen goazen heinean, laudioar guztiei horren berri emango diegu, hala hedabideen bidez nola ospakizun honetarako propio sortu dugun blogaren bitartez: inauteriak.wordpress.com”.

Herritarrak Inauterietako “protagonista” sentiaraztea dute helburu koordinakundeko kideek, “Inauteriei ere kutsu herrikoi hori eman nahi diegu, elkarte eta norbanakoen inplikazioa lortu eta herritarrak protagonista sentitu daitezela dugu helburu, eta horretarako, Inauteriak baino jai aproposagorik ez da”.

Jaiak Koordinakundeak herriko hainbat elkarte eta jai-talde biltzen ditu, eta jai herrikoi eta parte-hartzaileen alde lan egitea da bere xede nagusia. Zentzu horretan, hainbat dira jai-taldeetako kideek sustatu eta babesten dituzten ekitaldiak, aurki ospatzekoa den Santa Agata, euskararen eguna eta San Pedropeko jaiak besteak beste.

"Neguari agur esan eta lurra loalditik esnarazteko unea da. Kalera atera eta bazterrak kolore eta ilusio berriz janzteko unea. Musika, algara, dantza, magia, tradizioa, zarata, sorginkeria, festa… gurekin mozorrotu nahi duzu?”, horra hor jai herrikoien aldeko Koordinakundearen gonbitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide