Abenduaren 16an berreskuratu zuen Patxi Abadek askatasuna Espainia eta Frantziako kartzeletan 7 urte preso eman ondoren eta ongi etorri beroa jaso zuen larunbatean bere herrikideen eskutik.
Eguerdian Laudioko Plazan egindako ekitaldian hainbat herri eragileren agurra eta babesa jaso zituen Abadek. Era berean, oraindik ere kartzeletan diren laudioarrak gogoan izan zituzten ekitaldian zehar. Ezker Abertzaleak, gazte independentistek eta hainbat herri elkartek hitza hartu zuten bertan, bai eta Daroca espetxean (Zaragoza) preso dagoen Oier Amorrortuk ere.
Ezker Abertzaleko ordezkariek azaldu zutenez “Patxiren borrokak Euskal Herriari bere buruaren jabe izateko ateak ireki dizkio, orain guztioi dagokigu aukera hau baliatu eta prozesu demokratikoan aurrera egitea”.
Preso politiko ohiak ere hitza hartu zuen ekitaldian eta kartzeletan ezagutu dituen borroka kide eta lagunentzat izan ziren bere lehenengo hitzak, ondoan izan dituen bere senide eta lagunak goraipatzeko gero. Euskal Herriaren eta bere askatasunaren aldeko borrokan jarraitzeko deia luzatu zuen Abadek bertaratutakoen aurrean.
Ekitaldian kantariek, bertsolariek, txalapartariek eta dantzariek beterik zegoen Herriko Plazako ospakizuna girotu zuten.
Ekitaldia bukatutakoan bertan bildutako herritarrek manifestazioa egin zuten Euskal Preso Politikoen Euskal Herriratzea aldarrikatzeko herriko kaleetan zehar. Polizia Autonomikoak ekitaldia zelatatu zuen eta manifestariei argazkiek egin zizkien..
Ongi etorri ekitaldiari, bazkari herrikoiak eman zion segida, eta ondoren, kontzertuak izan ziren herriko gaztetxean.
ARGAZKI BILDUMA ikusteko Klik egin HEMEN.