Lagun armatua

Erabiltzailearen aurpegia Gartzen Garaio Atxurra 2010ko abe. 29a, 09:53

Nazioarteak euskal gatazkaren aurrean zer esana baduela pentsatu nahi dugunontzat eskertzekoa da Raul Zelik idazle alemaniarraren eleberria. Hark "nobela laguntasunari buruzko road movie bat" dela badio ere, hori baino zerbait gehiago da, alemaniarrak Euskal Herriak bizi duen egoerara hurbiltzeko zubia eraiki baitu, Guggenheim museoak eta sukaldaritza paregabeak estaltzen duten errealitatea ezagutzeko aukera ematen baitie nobela honek.

Nazioarteak euskal gatazkaren aurrean zer esana baduela pentsatu nahi dugunontzat eskertzekoa da Raul Zelik idazle alemaniarraren eleberria. Hark "nobela laguntasunari buruzko road movie bat" dela badio ere, hori baino zerbait gehiago da, alemaniarrak Euskal Herriak bizi duen egoerara hurbiltzeko zubia eraiki baitu, Guggenheim museoak eta sukaldaritza paregabeak estaltzen duten errealitatea ezagutzeko aukera ematen baitie nobela honek.

Raul Zelik idazle arrakastatsua da Alemanian, eta idazle politikotzat dute han. Haren liburuek etorkinez hitz egiten dute, gizarte kapitalistak baztertutakoez, Hego Amerikako liskarrez... eta, oraingoan, Europa Mendebaldeko azken gatazka armatua omen dena hartu du hizpide.

Liburuko protagonista Alex da, ikertzaile alemaniarra. Gaztetan hainbat aldiz egon zen Euskal Herrian eta ondo ezagutzen du. Orain, hogei urteren buruan, Bilbora itzuli da, unibertsitateko proiektu bat aurrera eramateko. Han, baina, aspaldiko lagun batekin topo egin du: Zubietarekin. Zubietak Joseba Sarrionandiari lagundu zion Martutenetik ihes egiten. Orduz geroztik sasian ibili da, eta egun ETAko buruzagia omen da. Zubietak mesede bat eskatuko dio Alexi: ea eramango duen Algeciraseraino. Alexek hamaika zalantza eta beldur baditu ere, lagundu egingo dio, eta penintsula osoa zeharkatzera eramango dituen bidaia bati helduko diote. Bidaian zehar, indarkeriaren legitimitateaz eta legitimitate ezaz mintzatuko dira ("Bien bitartean Europaren parte bagara ere, gurean ez duk gertatzen kontinentearen gainerako lurraldeetan bezala. Elkartasun handiagoa aurkitzen duk, zerbait egiten duen jende gehiago. Sindikatu batean, gaztetxeetan, auzo elkarte batean. Hik uste al duk horrela gertatuko litzatekeela erakundea izango ez balitz?" dio Zubietak), baina beste zenbait gai ere izango dituzte hizpide: identitate krisia, belaunaldien arteko gatazka, globalizazioa, Europako emigrazio politikak... Bidaia horretan zehar, gainera, Alexen eraldaketa pertsonalaren lekuko izango gara. Izan ere loturei eta erantzukizunei beldurra dien horrek, laguna zaindu beharko du eta hartaz arduratu. Bakoitzaren iritzi politikoak gorabehera, elkartasuna da nagusi, laguntasunaren indarra.

Zelikek lotura estua du Euskal Herriarekin. Euskara ikasten ibili da, eta azken 20 urteetan sarritan izan da gurean. Halaber, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua eleberria itzuli du alemanera, Petra Elserrekin batera. Ez da, beraz, kasualitatea hizpide dugun nobelaren izenburuaren eta Sarriren lanaren arteko paralelismoa. Are gehiago, Lagun armatuan zehar Iurretakoaren pasarteak tartekatzen dira. Zeliken hitzetan, bere herriko hedabideetan Euskal Herriari buruz ematen den ikuspegiaz bestelako irudi bat eman nahi izan du obra honekin, terroreak hainbat dimentsio dituela erakutsi, eta sufrimendua ez dela alde bakarrera mugatzen. Dena den, “Alemaniako irakurleei ez ezik, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko irakurleei ere zer pentsatua emango diela” uste du Zelikek. Ni baiezkoan nago. Horretan lagunduko dute, gainera, Edorta Mataukok egin dituen bi itzulpenek. Euskarazkoa iaz argitaratu zen, eta gaztelaniazkoa duela gutxi, Gabonen atarian, biak Txalapartan. Agian, azalpen batzuk, autoreak euskal gizarteari (geure idiosinkrasiari, neurri handi batean) eta kulturari buruz ematen dituen zenbait argibide, sobera daudela pentsatuko du irakurle batek baino gehiagok, guretzat gauza aski ezagunak baitira. Baina kontuan hartu behar dugu eleberria, jatorrian, alemanez idatzita dagoela, eta alemanei zuzenduta, eta haientzat behar-beharrezkoak izan daitezkeela azalpen horiek eleberriaren testuingurua hobetu ulertu ahal izateko.

Atzerritar baten begirada euskal gatazkaren gainean, aurreiritzirik eta klixerik gabe. Proposamen aberasgarria eta zinez gomendagarria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide