2009ko otsailaren 3an hasi zen Hamaika Telebista Bilbon emititzen, eta ordutik hona egindako lan handiaren ondorioz, euskarazko telebista honen eskaintza indartu ez ezik, Euskal Herriko beste lurralde askotara ere hedatu da, Aiaraldera ere iritsi den arte. Badira hainbat hilabete gure etxeetako telebista tresnetan euskara hutsezko kate honen edukiak eskuragarri ditugula. Euskaraz bizitzeko tresna bat gehiago gure artean.
Aiaraldea.com Komunikazio Leihoak, jaio zen unetik hartu du erreferentzia eta elkarlanerako kide Hamaika Telebista sortzeko taldea. Aiaraldeko euskal hiztunen komunitateari, euskaraz bizi ahal izateko ahal beste tresna eskaintzearen erronkak telebistaren esparrua ere jasotzen du, eta nola ez, egin beharreko ibilbide luze horretan noizbait gure tokiko euskarazko telebista propioa izatea gaur atzo baino gertuago dagoen amets txiki-handia da.
Oraingoz, elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dugu, gure ekoizpenak Hamaikan zabaltzen hasiak dira dagoeneko, eta aurki hilabetean behin platoan kolaborazio txiki batzuk ere egiten hasiko gara, gure eskualdearen berri han ere emateko.
Elkarlanaren norabide horretan, Hamaika TB ahal beste zabaltzeko eta ezagutzera emateko erronkari heldu diogu, eta horregatik datorren astelehenean, abenduak 27, Hamaika Telebista sortzeko taldearen aurkezpena antolatu dugu Aiaraldean. Arratsaldeko 19:30etan izango da Amurrioko Udalbatza Aretoan. Gonbidapena noski, lerro hauen artean duzue (bai eta ezkerreko zutabean ere deskargatu eta zuen ezagunei banatu nahi badiozue).
Zuzenean emitituko dugu sarean, mundu osoan ikusgai
Euskarri digitalen unibertsoa Aiaraldean euskarara ekartzeko lanean dihardugu jaio ginen unetik, eta bide horretan beste urrats bat eman nahi dugu datorren asteleheneko zitan. Erronka Hamaika Telebistaren aurkezpena bideoz zuzenean emititzea izango da. Dena ondo bidean, gure atarian ikusi eta entzun ahal izango dituzue bertan gertatu guztiak. Zita 19:30ean duzue, sarearen bitartez munduko edozein bazterretik. Urrats bat aurrera…gehiago etorriko direlakoan.
Hamaika Telebistaren inguruko informazio gehigarria:
HAMAIKA TELEBISTA euskarazko telebistak eta komunikabideak hedatzeko egitasmoa da.
HAMAIKA TELEBISTAren sustatzaileak:
• CMN TV (Deia/Diario de Noticias/Diario de Noticias de Álava/Noticias de Gipuzkoa).
• EKHE (Gara/Le Journal).
• EKT (Berria/Hitza).
• EUSKALTEL
• ELKAR
• BAINET TV
HAMAIKA TELEBISTAren helburua:
Tokiko Telebista Digitalen lizentziak lortu eta eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat bermatzea du lehenetsitako helburu. Horretarako, Euskarazko Toki Telebisten Sarea osatu du lehendik ziharduten telebistekin elkarlanean.
HAMAIKA TELEBISTAk telebista eredu gazte, garaikide, bizi, hiriko eta parte hartzailea plazaratzea du xede.
HAMAIKA TELEBISTAren ezaugarriak:
Euskalduna eta euskaltzalea: gure hizkuntzaren normalizazioaren prozesuarekin konpromiso estua duena.Gertukoa eta Euskal Herrikoa: gertutasuna da tokian tokiko telebisten nortasuna. Honez gain Euskal Herria izango da erreferentzia nagusia.
Baterakoia eta zabala: guztiona eta guztiontzat. Pentsaera ezberdin guztiak islatzen dituena.
Independentea: erakunde publiko zein alderdi politikoetatik independentea izango dena.
Profesionala eta kalitatezkoa: bere xumetasunean kalitatea eskainiko duen telebista.
Parte hartzailea: ateak zabal zabalik izango dituena. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango delarik.
Aurrerakoia: gizarte arloan jarrera aurrerakoia hartuko duen telebista.Gizarte gaietan, lan arloan, genero aferetan, etorkinen arazoetan, ekologian eta hizkuntza kontuetan konprometitua.
Berritzailea: telebista ereduarekin ausarta eta teknologia berrietan gauzatu eta presente dagoen komunikabidea.