Aurten Durangoko Azokako gonbidatua Kurdistan da. Horren harira, hainbat irakasle eta kazetari kurduk hango kulturaren, hizkuntzaren eta kazetaritzaren berri emango dute. Aitzakia polita, beraz, autore kurdu baten lana ekartzeko literaturen txoko honetara.
Kurduak lau herrialderen pean bizi dira. Turkia, Irak, Siria eta Iran artean banatuta dute euren lurraldea, eta ez dute estaturik. Esku artean dugun liburuak Iraken mende bizi diren kurduengana garamatza. Hiner Saleem zinegile eta idazle kurduak bere haurtzaroan oinarritutako obra idatzi du. 17 urte zituela Iraketik ihes egin behar izan zuen eta, egun, Frantzian bizi da.
Azad-en bizitzaren zati bat kontatzen zaigu liburu honetan. Haurra zenean hasi eta gizona bilakatzen denera arte. Bide horretan, baina, ezinbestekoa da Irakeko kurduen historia latza aipatzea. Izan ere, kontakizuna Sadam Husseinek 1968an estatu kolpea jo aurretxoan hasten da, Azadek 8 urte dituela. Hasiera batean, aldaketa horrek kurduen egoera hobetuko duela pentsatzen dute. “Irratiak zioenez, kolpea eman zuten biak ez zeuden kurduen kontra. Hala ere, ñabardura batek kezkatzen zuen aita: alderdi berriaren izenak, Baas, "Berpizkunde arabiar eta sozialista" alderdia. Gauzek hobera egingo dutela uste dute, eta euren etxera, Akre hirira, itzuli ahalko dira. Gainera Barzani jeneral kurduak eta Saddamek akordio bat itxiko dute, eta horrek independentziaren aldeko itxaropena piztuko du kurduengan. Tamalez, aitaren susmoak bete egingo dira eta kurduek ihesa, jazarpena eta bazterketa pairatzen jarraituko dute. Zaharrak berri, beraz.
Aitaren ametsa da Azadek unibertsitate titulu bat eskuratzea. Nola lortu baina kurduak zokoratu egiten dituen sistema batean? Euren existentzia onartzen ez duen herrialde batean? Ikasten jarraitzeko eta agintariekin arazorik ez izateko Baas alderdiko kide izatera behartzen zaituen erregimen batean? Azad harro dago kurdua izateaz, kurduen musika eta tradizioak maite ditu, eta belaunaldiz belaunaldi jasotako harrotasun puntu baten jabe da. Nazioarteak entzungor egiten badu ere, independentziaren ametsari tinko eusten dion herriaren harrotasun bera, hain zuzen.
Haur baten begiradaren xalotasunez kontatzen zaizkigu gertakizun krudel asko, baina Azad hazten den heinean eta bizi den errealitateaz jabetzen den heinean xalotasun hori amorru bilakatuko da. Orduantxe, borroka armatura lotzeko aukera aztertzen hasten da, bere anaia batek egin duen bezalaxe...
Liburu zinez interesgarria da Nire aitaren fusila. Iragan mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan Irakeko kurduen egunerokotasuna ezagutzeko aukera ematen digulako, haur baten begietatik kontatuta, gainera.
Bide batez, kurduen historiari buruz gehiago jakin nahi baduzue, Gasteizen Exodoa Kurdistanen deritzon argazki-erakusketa dago Goiuri/Villa Suso jauregian, Matxete plazan, abenduaren 9ra arte. Kasu horretan Golkoko Gerrak Iraken bizi ziren kurduengan izan zuen eragina erakusten zaigu. 1991an, Estatu Batuak buru zituzten koalizio-tropek Irak eraso zuten, Sadam Kuwaitik botatzeko. Egoera ikusita eta Sadamen tropak ahulduta zeudela pentsatuta, kurduak matxinatu egin ziren. Irakeko tropak, ordea, ez zeuden haiek uste zuten bezain ahul, eta izugarrizko sarraskia eragin zuten kurduen artean. Hartara, kurduek ihes egitea beste aukerarik ez zuten izan. Hasiera batean, Turkiara sartu nahi zuten, baina hango gobernuak Turkian ere kurdu independentistak indarra hartzen ari zirela ikusita, muga itxi zuen eta milaka kurdu Iraken harrapatuta geratu ziren. 1.300.000 kurdu irakiarrek mendiak zeharkatuz egin zuten ihes Iranera bidean. Izan ere, Iranek Sherdhost probintziako mugak zabaldu zituen, XX. mendeko exodo handienetariko bati harrera egiteko. Erakusketak Irakeko kurduen ihesaldiko lehen egunetako irudiak eta Iranen sartu ziren unea jaso ditu.