Aurrerantzean herriko kaleen eta guneen izenak erabakitzeko irizpideak adostu berri ditu Laudioko Udalak. Horrela, tokiko toponimoak lehenetsiko dira izendapenetan, eta toponimo egokirik ez izatekotan, bere ibilbide eta lanagatik herritik harago ere gogoratuak izatea merezi duten pertsonen izenak erabiliko dira. Entitateen izenak ere izendapen hauetarako erabiltzea aurreikusten da adostutako irizpideetan.
Azken garai hauetan Laudion egin izan diren izendapen berriek ere irizpide hauek jarraitu izan dituzte; Latiorroko etxebizitza-gune berria"Apaloeta" izendatuz (bertako errekasto baten izena da), eta Areta eta Altzarrateko etxebizitza-guneei Patricia Bilbao eta Carlos Larrearena jarriz, biak ere euren lanagatik ezagun izan diren bi pertsona, emagina lehena eta kirol elkarteen sustatzaile bigarrena.
Hilabete honetako Udalbatzan onartutako Euskararen Erabilerarako Udal Ordenantzan adierazten denez, udaleko Euskara Sailak atondutako toponimia-mapari jarraiki erabiliko dira leku-izenak.