Autokarabana irakurtzen amaitu eta hurrengo egunean entzun nuen irratian obra horrek irabazi zuela aurtengo Euskadi Literatur Saria. Kontua da literatur kritikariren batek lehenagotik zekiela (http://www.argia.com/boligrafo-gorria/2010/10/jesukristo-judas-eta-autokarabana/) Etxegoieni emango ziotela aipatutako saria. Eta horrek polemika piztu du. Dena den, sari, domina eta antzekoen inguruan beti sortzen da polemika eta kalapita. Kritikari batzuek goraipatu egin dute Autokarabana, beste batzuei, ordea, ez zaie gehiegi gustatu eta, batez ere, hizkuntzaren kalitate falta edo, beste modu batean esanda, hizkuntza landu ez izana leporatu diote egileari. Ukaezina da hizkuntza kezka nagusi duten euskal idazleen aldean, Etxegoienena estilo arinagoa dela. Dena den, bizi-bizia eta irakurterraza denez, horrek mesede egiten dio kontakizunari jarraitzeko orduan.
Iritziak eta desadostasunak gorabehera, nik neuk oso gustura irakurri dut. Agian antiheroiak atsegin ditudalako; bai, itxuraz oso handiusteak izan baina barrutik oso ahulak diren horiek. Eta horietako bat da nobelako protagonista: gizagaixo garaikide bat.
Nobela gaur egungo Euskal Herrian girotuta dago, herri batean. Aipatu ez arren, egileak ematen dituen zertzeladei esker, irakurleak badaki Oñatiz ari dela. Gainera, Etxegoien bera Oñatikoa da, eta esango nuke ez direla gutxi liburuan sartu dituen ukitu autobiografikoak.
Elias dibortziatua dago eta alaba bat du. Bilbon hainbat urtez bizi ostean, jaioterrira itzuli da, hango kooperatiba batera lan egitera. Hain zuzen, Eliasen egunerokotasuneko miseriak eta gogoetak dira nobelaren muina: lana, familia, bikotekidea, lagunak… horiek guztiak ditu hizpide. Halaber, Euskal Herriko elementu bereizgarri batzuei buruzko hamaika hausnarketa eta txantxa egiten du: forro polarrak, Luz Ardidenera joatea eskiatzera, kooperatiben mundua, euskalduntasuna bera… Hankaz gora jartzen ditu hainbat topiko, eta Eliasekin ados egon ala ez, irakurleak gustura irakurtzen ditu horrelakoak.
Esan bezala, Elias gizagaixo bat da, galtzaile bat. Gizarteak bere lana aitortzen ez duelako harrak bizi du, dena kritikatzen du, baina, aldi berean, ez da gai bere erantzukizunei heltzeko. Ez du loturarik nahi, gizaseme askea izan nahi du, baina, antza, ez du ulertzen horrek bakardadera daramala ezinbestean.
Liburuaren atzeko azalean dio “aspaldion ugaldu diren autokarabana-aleak unibertsaltasunean helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak" direla. Elias bera ere antzera dabil, noraezean, galduta. Gai izango al da egoerari buelta eman eta bere tokia aurkitzeko?