Amurrioko Musika Eskolak aurkeztu berri duen ekimen honen helburua “txistua biziberritzea” da. Gogora ekarri dutenez, txistua Amurrion tradizio handiko musika tresna izan da, “argazki zaharrak behatuta- ikus ezkerreko zutabea-, ugari ziren txistulariak herrian, eta egun gainbehera pairatu du musika tresna honek eta bere presentzia urritu egin da azken urteotan”. Baina Musika Eskolatik adierazi dutenez, “musika tresna honek bide berri asko ireki ditu modernizazioaren eta estilo aniztasunaren bidetik".
Zentzu horretan, iazko Amurrioko Jaietan txistu kontzertu berezia antolatu zuen Musika Eskolak; “errepertorio ezohikoaz musika tresnaren aukera ezberdinak erakutsiz., Bob Marley, Tito Puente,Pirritx eta Porrotx, euskal musika, irlandar musika... jo izan ziren bertaratuen harridura eta gozamenerako”.
“Txistuzale” ekimenaren bitartez “ noizbait txistua jo eta berriro ere ekiteko gogoz daudenei, edo eta oraindik jotzen dihardutenei taldean aritzeko aukera“ eman nahi die Musika Eskolak, “txistuaren munduan bizipen ezberdinak izanik, esperientziak elkartrukatzeko aukera ederra” sortzen baitu ekimenak.
Izen ematea
Ekimen honetan izen emateko epea irekita dago, azaroaren 10era arte zehazki, eta gogora ekarri dutenez, “ekimen malgua izan nahi du; erritmoa, helburuak, maila.. norberak jartzen ditu”. Talde honetan parte hartzea doakoa da, “ez kuotaraik, ez matrikularik, erabat debalde”. “Gure helburua txistua joz ondo pasatzea da eta aldi berean gure soinu tresna biziberritzea”. Horra hor zita, beraz, “Txistuzaleak” ekimena asteazkenero 20:00etan biltzekoa baita Amurrioko Musika Eskolan.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Amurrioko Musika Eskolara jo dezake: telefonoa 945 39 31 87.