Errepresioaren Aurkako Laudioko Sareak jakitera eman duenez, Manu Gonzalez euskal preso politiko laudioarra berriro ere espetxez aldatu dute. Orainartean Malagako presondegian zuten Gonzalez eta aste honetan jakin izan dugunez, Sevillako espetxera lekualdatu dute, bere herritik 856 kilometrotara.
Errepresioaren Aurkako Sareak salatu duenez, Manu “Estatu Espainolak diseinatutako sakabanaketa politikaren biktima da, baina tinko eutsi dio 21 urtez Euskal Herri libre eta sozialista baten aldeko borrokari”.
1989. urtean Guardia Zibilak atxilotua
Manu Gonzalez laudioarrak 21 urte daramatza preso, 32 urte zituenean atxilotu zuen Guardia Zibilak, 1989ko irailaren 16an zahazki, ETA erakunde armatuko kidea izatea leporatuta. 30 urtetik gorako kondena jaso zuen, eta kalean egon beharko lukeen arren, espetxean dute oraindik.
Urte guzti hauetan, eta sakabanaketa politika hasi zenetik, hainbat espetxetan izan dute laudioarra: Carabanchel (1989/09/21), Ocaña-I, Valencia-III, Huelva (1996/05/03),Valdemoro (1998/06/26), Valdemoro (1998/10/16), Valdemoro (1999/10/04), Huelva (1996/08/26) eta Malaga (2003/06/11).