Argitara eman duten prentsa oharrean adierazi dutenez,”Laudioko Udalak azken hilabeteotan, Udaletxe, Euskaltegi eta Udal Lanbide Heziketa Eskolako langileen soldata murrizteari ekin dio Espainiako Gobernuaren Errege Dekretu baten aplikazioan oinarrituta”. Neurria PNV, PSOE eta PPren aldeko bozkekin onartu berri da. Ezker Abertzaleko zinegotziek kontrako botoa eman dute.
Salatu dutenez, “ PNVk langileek jasotzen duten gabonetako saskia kentzeko saiakera egin du ere” eta gogora ekarri dute saskia “ez dela inolako oparia, langileen lan hitzarmenean jasotako eskubidea baizik”. Azken neurri horrek babes faltagaik ez du aurrera egin.
“Udal langileak ez dira beste eremu batzuetan oinarria duen finantza krisiaren arduradunak” eta adierazi dutenez, “ez dugu uste hori krisiari aurre egiteko neurri bat denik eta ezta egungo egoera arinduko duenik ere”.
Lan Hitzarmena hautsi izanaren salaketa
Egungo lan hitzarmena gogoko ez dutela adierazi ondoren, “Udalbatzak onartutako hitzarmena apurtu” duela salatu dute. “Lan hitzarmenak langileek beraien eskubideak defendatu eta nagusien gehiegikeriez babesteko duten tresna apurretakoak" dira.
“Krisi hau finantza krisia da, sistemaren krisia. Hortaz, berau konpontzeko finantza sistema osoa erreformatu beharra dago eta ez lan esparrua. Arazoaren sustraietara jo dezatela, benetako errudunei erantzukizuna eska diezaietela, ez ditzatela bazterrak nahas eta errugabeak ez ditzatela errudun bilaka” adierazi dute aipatu prentsa oharrean