Mugarik Gabe erakundeak zortzigarren aldiz heldu dio Zinema Sozialaren Emanaldiak Araban antolatzeko lanari. Beste urteetan bezala, gurean ere hainbat emanaldi izango dira, Laudion eta Amurrion, hain zuzen ere.
Zinema Sozialaren Emanaldiak antolatzeko CLACPI (Herri Indigenetako Zinema eta Komunikazio Koordinakunde Latinoamerikarra), Arabako Foru aldundia eta Arabako zenbait herritako udalen laguntza eduki dute Mugarik Gabe erakundekoek. Emanaldi hauetako batzuetan gainera, Latinoameriketatik etorritako herri indigenen hainbat aholkularik zuzen-zuzenean emango digute euren herrien berri.
Mugarik Gabeko ordezkariak azaldu digunez “Herri Indigena ezberdinek trasmititu nahi dizkiguten errealitateetara hurbiltzeko asmoa dugu emanaldi hauekin”.
Emanaldiak Aiaraldean
Hiru izango dira gure inguruan egingo diren emanaldiak: Laudion lehenengoa, urriaren 26an, asteartea, Kolonbiako herri indigenen errealitateaz ari zaigun “Alzados en bastones de mando” pelikula proiektatutko da eta solaserako tartea irekiko da gero. Emanaldia Laudioko kultur etxean arratsaldeko 19etan izango da, eta Vicente Otero indigena kolonbiarra izango da solasaldia dinamizatzen.
Eta Amurrion bi izango dira; azaroaren 14an eta 15ean, biak Amurrio Antzokian. Lehenengo emanaldian “El velo de Berta” pelikula ikusiko da, Txileko “Peuenche” herri indigenaren multinazionalen aurkako borroka jasotzen duen filma. Eta azaroaren 15ean, “13 pueblos en defensa del agua” film mexikarra. “Euren baliabide naturalen kontrola gobernu eta enpresarien eskuetatik berreskuratzeko Moreloseko Herrien Kontseiluak garatu zuen borroka kontatzen da pelikula honetan”. Lehenengo emanaldia arratsaldeko 19tan izango da eta bigarrena 20etan.
Informazio gehiago erantsitako txostenean.