URTEBETE ITSASARGIAN
1936ko uda. Gerra hasi berri da eta Jon Garraitzetara iritsi da, osabarengana. Hasiera batean uda pasa izango zena, urtebete luzatuko da gerraren eraginez.
Hiru dira pertsanaia nagusiak: Jon, gure nobelaren protagonista, honen osaba eta Mirra.
Jon Iturri Mendieta, 13 urteko mutiko euskaldun bilbotarra, osabarentzat “Txo”, kaleko lagunek, berriz, “Txinbito” esaten diote, “badaezpada, nongoa den ahaztuko zaiolakoan edo”.
Osaba, Alejandro Mendieta, farozaina da, faroa gobenatu eta faroan bertan bizi da. Itsasargiaren bonbillari “gure Katalin” esaten dio berak; herriko maistrak ere Katalin du izena eta osabak ixilpean maite du, faroaren bonbilla pizten duen bakoitzean, pentsatzen du: “Ahal izango banu piztu Katalinen bihotza hain erraz...!
Mirra urrunetik etorritako neskato ijitoa da; izen arrotza zenez, hasi zitzaizkion Mila esaten, eta Milatik Mirarira igaro. Orain Mirari du izena, eta benetan mirari bat da hari jazotakoa. Berak hirugarren deitura eman dio Joni: “Galaitxu”.
Istorioa leku eta garai konkretu batean kokatzen da: Garraitzetan, Bizkaiko kostaldeko herrixka bat – bertatik, ia kosta-lerro osoa ikusten da, Hendaia mutur batean, Matxitxako bestean – eta gerra denboran:
“1936ko uda zen, Errepublikaren garaia. Otsailean, Herri Fronteak – ezkerreko alderdiak batzen zituen bilkurak – irabazi zituen Espainiako hauteskundeak. Alabaina, galtzaileek ez zuten porrota onartu eta, militarrak alde zituztela, martxan jarri ziren agintea berreskuratzeko eta ezkerrak hasitako aldakuntzak eteteko. Armak erosi eta soldaduak entrenatu zituzten, eta uztailaren 18an Errepublikaren Gobernuaren kontra altxatu ziren. Halaxe hasi zen gerra, gerrarik izango ez zelakoan.”
Honaino liburuaren lehen zatia. Bigarren zatia, Gerraren hezurrak, 12 kapitulu dira, kapitulu bakoitza hilabete bat da: 1936ko irailetik 1937ko abuztura arte, urte oso bat, hilabetez hilabete gerraren lehen urteko kronika aparta osatuz eta, aldi berean, gerra osoaren erradiografia gordina eskainiz.
Gerraren beldurra, izugarrikeriak, gosea, sarraskiak... sufrimendua bai, baina baita itxaropena ere:
“ Gosearen hortzek haginka egiten ziguten urdailean, baina amodioaren hortzak ere ez ziren kamutsak.”
Gertakizunak, bata bestearen segidan, erritmo bizian datoz, kontakizunaren itsaso zakarrean gure emozioak ere bortizki gora eta behera ibiliko dira olatuak bezala, orain odola bor-bor amorruaren amorruz, orain oilo-ipurdiko azala ikararen ikaraz, eta marea bizi honetan bukaerako eztanda: amaren aginduz Jonek aitaren bila joan beharko du, gudariekin frontera mediku joandakoa. Baina nola, nondik?
“Aita topatu behar duzu”. Eta aitaren egunerokoa topatuko du, haren arrastoa segitzeko baliatuko duena eta bide batez, gerraren nondik-norakoa agertuko diona: “ Historiaren atalak aitaren historia bihurtuak; gertaera handiak gizon baten ahots txikiak kontatuak.”
Miren Agur Meabek Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen liburu honengatik (bi aldiz jaso ditu dagoeneko sari hau) eta zinez gomendagarria oso 14 urtetik 99 arteko adin tartean zaudeten guztientzat.
Irakurtzearen plazera dasta dezazuela nobela honekin, ahogozo-gozoa utziko dizue-eta!!