NOIZTEINKA, Itxaro Borda. Maiatz, 2007.
Itxaro Borda ( Oragarre, Lapurdi ) Amaia Ezpeldoi Iparraldeko detektibe famatuaren pertsonaiaren sortzaileak, aspaldidanik lortua du leku propio bat euskal literaturan, bai prosan baita poesian ere. Periferiako idazle hau, berak esaten duen bezala, bazter herri batekoa da, bazter genero batekoa eta bazter hizkuntza batekoa. Halanda ere, bazterrean geratzea inolaz ere merezi ez duen liburu bat ekarri nahi dut gogora: Noizteinka. Liburu honetan Itxaro Bordak azken zazpi urtean idatzitako poemak biltzen dira. Poemak mota eta tankera askotakoak dira, hala gaiaren aldetik nola egitura aldetik. "Bidaietan" du izenburuak liburuari hasiera ematen dionak, eta ez da kasualitatea, hain zuzen ere, bidaiaren metaforak zeharkatzen baitu liburua alderik alde. Halaber, adierazgarriak dira oso atarirako Itxaro Bordak hautatu dituen aipuak: sarritan, egileak eskaintza, eskerroneko hitzak edota beste autoreen aipuak agertu ohi ditu bere liburu ia guztietan eta kasu honetan denak idazle emakumezkoen erreferentziak dira, eta ez halabeharrez, prefosta. Poesiazko liburu honetan generoa dugu oroz gain nabarmen. Emakumeen arteko maitasuna, homosexualitatea munduari begiratzeko modu bat, azken batean " betidanik idatzi izan dut lesbiana izateaz ": (...)
Maiteko haut Milia, ez hadila joan, Hator, edan dezagun ardao gorria. (...) Maiteko haut Milia, ez hadila lotsa. Maitasuna, herra, heriotza, bakartasuna... eta idatzi, zertarako? mina eta poza, poza eta mina, literaturaren gai unibertsalak: Eta oroz bat bizia Amodioa, elkartasuna Gauzen egia Eta ametsen ilusioa Gatibatzen gaituen Denboraren urrakoan Daudela iragartzeko. Idatzi Oinarrizko hitzekin Idatzi egiati Hilak ohoratzeko Eta biziak Iratzarrik atxikitzeko. Ezaugarri guztien artean hiru azpimarratuko nituzke nik: sentikortasun handia, intimitatea eta gogoeta soziala; atzenengo honen erakusgarria "Lili negarrez dago" poema biziki indartsua. Hiru zenbaki sinbolikoarekin jarraituz, nabarmendu beharrekoa da musikak eta kantak gure idazlearen poemetan duten garrantzia. Denok jakina da poesia eta musikaren arteko lotura estua, eta Itxaro Bordaren kasuan hartu-eman hau hirukoitza da. Alde batetik, musikaren aipamena – zuzena zein zeharkakoa – etengabea da, ez bakarrik bere poesian bere obra osoan baizik; bestetik, bere poema asko eta asko musikatuak izan dira, eta azkenik, poetak berak berenberegi idatzi egin izan ditu letrak zenbait talde eta kantarirentzat. Honezkero, heldu gara "Noizteinka"-n zehar egin dugun bidaiaren amaiera. Zenbat sentipen ez ote zaidan geratu tintontzian! Sonetoak, berbarako, Milia Lastur II, Negar zorikoa, Dog’s life, Amaren irria zinez izugarri ederrak. Nik gozatu dudan plazer handi berberaz goza dezazula irakurle, azken finean Bat batean ohartzen gara Biluztasun bat garela Ez dugula bizitza salbu Ezeren beharrik. Azken orduko oharra: Itxaro Bordak Galiziako PEN Club elkarteak ematen duen Rosalía de Castro poesia saria jaso berri du Konpostelan. Gure zorionik beroenak eta aitzina!