Egile horien argazkiak izan dira sarituak aurten aiaraldea.com komunikazio leihoak lehen aldiz antolatu duen udako argazki-postal digitalen lehiaketan. Horrela ebatzi dute hartara bildutako epaimahaikideek.
Irabazle bakarrak, baina, ez dira Nelson eta Ruben izan, ezen eta egitasmo berri honek jasotako erantzuna paregabea izan da: guztira 252 argazki jaso ditugu udan sareratu genuen atarian, eta horrela, paraje eta une zoragarriez gozatzeko aukera izan dugu guztiok; etxean edo atzerrian, mundo zabala eta geure mundu txikiak klik batean eskura. Zorionak beraz parte hartu duzuen guztioi eta leiho txiki honetara gerturatu zaretenoi.
Lehiaketak, baina, bazuen bere norgehiagoka partea ere. Eta zaila izan den arren jasotako argazkietatik soilik bi hautatzea, epaimahaikideek ezkerrean ageri diren bi argazkien alde egin dute. Nelson Urbinaren argazkia -“itsaslamina ikusmiratzen…”- izan da lehen saria jaso duena (argazki kamara réflex digitala jaso du saritzat), eta Ruben Ibañez-ena –“Kastillan beroa eta sinismena”- bigarrena (bi pertsonentzako astebukaera landetxe batean).
Epaimahaia
Plazer handia izan da guretzat aurtengo edizio honetan (gehiago etorriko al dira…) luxuzko epaimahai batekin lan egitea. Eskualdean argazkilari ezagunak diren Txemi Llano, Josu Zaldibar eta Lorea Rementeria, eta Igor Arzuaga artista izan ditugu zeregin honetan lagun gure elkarteko kide batekin batera. Mila milesker eurei laguntzagatik eta ekarpenagatik.
Jasotako argazkien argitarapen digitala
Jasotako argazki kopurua eta kalitatea ikusita, altxor txiki hori gorde eta zabaltzeko aukera baliatu behar genuela pentsatu dugu, eta hartara, argazki guztiak eta lehiaketaren prozesua jasotzen duen argitalpen digitala atondu dugu parte-hartzaile guztiei bidali eta nahi duenak nahi duenean ikusteko moduan jartzeko; hara hor emaitza, atsegin izango duzuelakoan, hurrengo urtera arte!