Solastiar elkarteak antolatuta, etxeko andre eta gizonen egunaren ospakizunen baitan, antzerki-kafe dinamika interesgarri batez gozatzeko aukera izango dugu; “Zeloak, gezurrak eta beste hainbat patologia” antzezlanaz, hain zuzen ere. Helburua antzerki lanaren bueltan planteatzen diren gaien inguruko eztabaida zabaltzea da, eta horretarako tartea irekiko dute aktoreen lanaren ondoren.
Zortzigarren urtea da Ohiala Zabaltzen taldeak Solastiar emakumeen taldearekin batera lan egiten duela, antzerki taldeko zuzendaria den Aitor Urquijo Cerecedak adierazi duenez, “emakumeen eta gizonen arteko begirunea eta tolerantzia sustatzeko, umorea pedagogia aldarrikatzaile bezala erabili nahi dugu, bortizkeria eta ulertezintasuna baztertzeko eta elkarbizitzaren alde egiteko”. Originala den obra bat taularatuko dute horretarako.
Jarduna, urriaren 8an -asteazkena- izango da kultur etxeko bigarren aretoan, emanaldi bikoitzean:18etan lehenengoa eta 19etan bigarrena.