Welcome
Asko dira genero sozial edo politikoa mesprezatzen dutenak. Ezin uko egin gauza bati, maizegi filme hauetan agertzen diren pertsonaiek ikuspegi monokromatiko baten azpian mugitzen direla; edo oso txintxoak dira edo bere portaera erabat maltzurra da. Baina, tamalez, errealitatea horrelakoa da eta ez dago gaizki zinemak berdin erakustea.
Dena den, Welcomen kasua ez da hau. Zorionez, bere zuzendariak badaki protagonistei giza dimentsio interesgarri eta bero bat gehitzen, salaketa puntu bat galdu gabe, gainera. Historio honek bi pertsonai oso garrantzitsu ditu, lehenengoa Bilal da, Irakeko Kurdistanetik Estatu Frantsesera, Calaisera hain zuzen, heldu dena. Ibilbide honetan muturreko bizipenak izan ditu. Baina, esperientzi garratz hauek ez diote lañotasuna lapurtu. Bere helburua Erresuma Batura heltzea da maitatzen duen neskarekin elkartzeko. Horretarako, frogarik zailena gainditzea falta zaio, oraindik bi herri hoien harteko muga zeharkatu behar baitu.
Aldi berean, Calaisen badago igeriketa irakasle bat, Simon deiturikoa. Tipoak sasoi hobeagoak bizi izan ditu. Emaztearekin utzi du eta badirudi ez duela inolako motibaziorik Bilal bere igerilekuan agertu den arte. Kurdoak berehala eskatzen dio klaseak emateko, eta Simonek (antiheroi hutsa), ondo kobratuz gero, ez dauka inolako arazorik, noski. Frantziar honen kalkuluetan ez da sartzen mutiko honen bitartez beti ikusezin izan den errealitate bat ezagutzea.
Bi mundu hauen arteko txokea ez da batere gozoa izango. Hemen dago Welcomen meritua; salaketa gogor bat izatea panfletoan erori gabe eta salaketa bera filmearen erritmoa eta mamia ez apurtzean datza pelikularen kalitatea. Eta, aldi berean, pertsonaien arteko harremanak modu oso bizian komunikatzen ditu gidoiak. Bestalde, ez dirudi Philipe Loiretek zuzendariak Calais nahigabe hautatu duenik. Iragana aztertuz gero, jakin dezakegu naziek Frantzia okupatu eta gero zonalde honetan presoentzako lan esparru ezberdinak eraiki zituztela. Leku beran, demokraziek gaur egun oso tratu txar eta iraingarriak eskeintzen dizkiete etorkinei. Orduan, suposatu dezakegu zinemagileak bi helburu bilatu dituela; artistikoki produktu sendo eta erakargarri bat prestatzea, eta gainera, frantziar eta europear orori azken larrialdi dei bat egitea etorkinen egoera gizatiar bilakatu dezagun. Bukatzeko, agindu dezakegu bi asmoetara heldu dela, aise gainera.