Idazle handia da Xabier Montoia, ona, oso ona, eta haren obra ezagutzea merezi du. Agian, oraingoan ekarri dudan liburu hau ez da haren lanera hurbiltzeko piezarik aproposena, gordinegia izan daitekeelako askorentzat, baina, edonola ere, egungo euskal literaturaren figura inportanteenetarikoa dugu. Batzuentzat erabat ezezaguna izango da, ez baita mediatikoa, baina, sinets iezadazue, literatura atsegin duen ororentzat plazer hutsa da gasteiztarraren obrak irakurtzea. Batez ere, ipuingile gisa nabarmendu da Montoia, eta haren ipuin-bildumak gomendagarriak dira oso, esaterako: Gasteizko hondartzak (1997koa) eta Euskal hiria sutan (2006koa). Azken horrekin Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, eta egungo Euskal Herriaren mosaiko fresko eta bizi-bizia da. Montoia musikaria ere bada. Hertzainak taldearen sorreran parte hartu zuen eta, gero, M-ak sortu zuen, 80ko hamarkadako talde mitikoa.
Oraingoan, baina, Golgotari buruz hitz egingo dizuet. Istoriak 36ko Gerra Zibil ankerrera garamatza, Nafarroara, faxisten bortizkeriak eta basakeriak gogorren jo zuen txokoetako batera, hain zuzen. Gerra hark hainbat istorio txiki utzi dizkigu. Horietatik bada bat bereziki mingarria dena: bihozgabe batzuek Maravillas Lamberto Yoldiri egin ziotena. Haren aita Larraga herriko militante sozialista zen. 1936ko abuztuaren 15ean Guardia Zibila etxean azaldu zen, aitaren bila, eta alabak aitarekin joan nahi izan zuen. Maravillas behin eta berriz bortxatu ondoren hil egin zuten, 14 urte baino ez zituen. Haren gorpua biluzik eman zieten txakurrei eta egun asko behar izan zituzten arrastoak aurkitzeko. Montoiak gertaera horren zantzuak iradokitzen dizkigu eleberriaren hasieran, baina haren istorioaren protagonista Maravillasen ahizpa da. Josefina da bere benetako izena, eta eleberrian Felisa. Iñaki Egañaren artikulu batean izan omen zuen Montoiak ahizpa horren berri (http://euskaldunak.info/memoria/?p=18), eta orduan otu zitzaion hari buruzko nobela bat idaztea.
Bizirik geratu zen ahizparen istorioa dugu, beraz, esku artean. Bizirik geratu zen, bai, baina haren bizitza sufrimenduz josita egongo da. Aitaren eta ahizparen hilketak buruan iltzaturik zituela, moja sartu zen, Jainkoaren magalean babesa aurkituko zuelakoan, baina urteen poderioz ulertuko du 36ko basakeriak onartu zituen Jainko hark ez ziola ezer onik ekarriko. Izan ere, Gerra irabazi zutenek eta euren babesleek ez diote bakerik emango, eta Felisak bazterkeria eta gorrotoa baino ez ditu ezagutuko. Gorri baten alaba izatearen estigma eta zama eraman beharko ditu soinean beti. Jesus Nazarethekoak bere gurutzea hartu eta Golgota mendira igo behar izan zuen, oinazez eta irainez jositako bidean. Gauza bera pairatu beharko du Felisak.
Kontakizun gordina da, gogorra, oinazez betea, deserosoa hein handi batean, baina beharrezkoa. Faxistek gerra irabaztearekin nahikoa ez, eta galtzaileak umiliatu eta zokoratu zituztela jakin behar dutelako belaunaldi berriek. Kantatzen duen herria ez omen da inoiz hilko, oroimenari eusten diona ere ez. Horretan laguntzen dute Iñaki Egañaren moduko historialariek, Ahaztuak 1936-1977 eta beste hainbat elkartek. Musikariek ere bere ekarpena egin dute Maravillasen oroitzapena bizirik mantentzeko. Fermin Balentzia nafar trobadoreak eta Berri Txarrak taldeak Maravillasi buruzko abesti bana dute.
Ezkutarazi nahi izan diguten historia ezagutzeko aukera ematen digu Golgotak, "ahanzturaren zingira hortan ito” nahi zituztenak oroitzekoa.