Martxa bihar larunbata egingo da Canto Blanco mendira, Gesaltza inguruan. Mendiko Lagunak talde amurrioarrak eta Mendiak Aske elkarteak deia luzatu diote aiaraldeko gizarteari martxa honetan parte hartu dezan “gure lurraldearen etorkizuna jokoan dagoelako”.
Eusko Jaurlaritzak 19 arabar mendietan ezarri nahi ditu zentral eolikoak (aiaraldekoak barne), eta martxarako deia egin duten eragileek salatu dutenez “mendiak suntsitu egingo dituzte honela”.
“ Halako txikizioa berez sostengatuko duen arabar gizarteko eragile bakar bat ere ez dago, baina bai, ordea, mendia industrializatzearen aurka aritzen diren taldeak” adierazi dute deiarekin bat.
Arabako Foru Aldundiak alternatiba bat bilatu nahiean Mugarri Plana aurkeztu zuen, “aerosorgailuak natura errespetatuz” ezartzeko plana, baina antolatzaileek salatu dutenez “Eusko Jaurlaritzak eredu inposatzaile eta txikitzailearekin” tematuta jarraitzen du. “ Arabarrok gure ondasuna babesten duen Plana eduki badaukagu, Gobernua berarena baino emankorragoa dena gainera” adierazi dute.
Hau guztiagatik larunbatean Gesaltzako igerilekuetatik goizeko 9etan aterako den mendi martxan parte hartzeko deia luzatu dute.