Aurtengo Euskal Jaiaren ospakizuna dela eta piztu den polemikaren aurrean, Laudioko udaleko euskara teknikariak bere izenean igorri die prentsa oharra medioei. Gurekin harremanetan jarri eta argitaratzeko eskatu digu. Polemika aiaraldea.com-en horren bizi egonda, nahiago izan dugu prentsa oharra dagoen bezala argitaratzea azalpen kamutsik eman ez eta gaizki ulertzeak ahal den neurrian ekiditeko. Hona hemen beraz, hitzez hitz jasotakoa.
ERASO GUZTIEN GAINETIK, EUSKARA AURRERA
EUSKAL JAIA - 2010
Jakingo duzunez, aurten gauzatuko daLaudioko Euskal Jaiaren 4. edizioa. Edizio
zailena, bere garapena oztopatzeko hainbat
traba jarri zaiolako: kritikak, parte ez hartzeko
gonbiteak, programazio paraleloak,
mehatxuak... Eta askotan, gezurrak. Hortaz
ohartxo hau, gauzak argitze aldera. Erantzuna
pertsonala da, nire aurka zuzendu dutelako
kritika gehienak baina, Euskara Teknikaria eta
jai honen sortzailea izateak ematen didan
bermearekin.
Istilua Jaiak Koordinakundearekin (herriko jaitalde
batzuk batzen dituen elkartea) izandako
desadostasun batzuetatik dator, gerora
azalduko ditugunak. Horri gehitu behar zaio
Laudioko Ezker Abertzalearen 2010-09-14
eguneko komunikatu ezegokia, gauza zehatzik
izan gabe (uda honetan herri guztietako jai
guztiei buruz esandako “ez dela partehartzailea
eta herrikoia” klixeaz gain, ezer gutxi)
aukera ondo aprobetxatuz udalean oposizio
politikoa egiteko. Eta, tartean, kaltetu bakarra,
euskara.
ZER DA JAIAK KOORDINAKUNDEAK
EXIJITZEN DUENA “EUSKAL JAIA”-REN
GARAPENA EZ OZTOPATZEKO?
Hiru dira desadostasunerako puntuak eta
horiek bete ezean Euskal Jaian parte ez
hartzeko arrazoi direnak:
- Herri bazkaria 400 pertsonara ez mugatzea.
Udalaren jarrera: ezaguna denez, herri bazkari
hori oso arrakastatsu suertatu da Euskal Jaia
sortu zen garai hartatik. Eta ez dago herrian
leku bat 1.000 kideko bazkari bat egitekoa (hori
litzateke, gutxi gorabehera beharko genukeen
kopurua). Iaz, salbuespen moduan Institutuan
egin zen eta 780 lagun batu ginen. Hala ere
jende nahikotxo geratu zen sartu ezinean, leku
fisiko faltagatik. Iazkoa salbuespen bat izan
zen, izatez DEBEKATUA dagoelako kopuru
hori hortxe sartzea, segurtasun neurriak ez
dituelako betetzen (larrialdi irteerak...). Eta gaur
den egunean Laudion ez dago elizpea baino
leku estali handiagoa herri bazkari bat
antolatzeko. Horregatik erabaki zen horra
itzultzea, aurreko bi edizioetan izan zen toki
berberera. Bitxia da, bestetik, Jaiak
Koordinakundeak berak ekainean antolatutako
herri bazkari erraldoi ireki batean
(Sanpedropeko jaiak) 400 lagunentzat
mugatzea erabaki zuten, leku faltagatik (ikus
ekaineko ZUIN aldizkaria). Haiek konpondu
ezin dezaketena, Euskal Jaiaren antolatzaileei
exijitu... UNEORO, BETI proposatu izan zaie,
leku egoki bat aurkituz gero, bertara eramango
zela Euskal Jaia. Baina momentuz, ez dute /
dugu horrelakorik aurkitu Laudion. Euskara
Arlotik, datozen urteei begira, karpa erraldoi bat
alokatzearen aukera planteatu zitzaien baina
oso garestia da eta aurten ez dago horretarako
dirurik.
Bestetik, Jaiak Koordinakundeak Euskal Jaia
antolatzeko lan-taldetik irtetea erabaki zuen 320
bono haientzat erreserbatzea exijitzen zutelako
(jai taldetako inor kanpoan gera ez zedin). Aho
batez onartu zen erreserba hori ezin zitekeela
egin (aurreko urteetan egin zitzaien) herritar
asko kexatu zelako, kalerako salgai geratzen
diren bonoak oso murrizten direlako.
GAUR DEN EGUNEAN, BERAZ EZINEZKOA
DA PUNTU HAU KONPONTZEA,
HORREXEGATIK HAIN ZUZEN ERE:
EZINEZKOA DELAKO.
- Bazkariaren prezioa 10 eurotik 5 eurora
jaistea. Zerbitzua eta mahai eta aulkien
alokairua kontuan hartuta bakoitzeko 20 euroko
gastua da. Horregatik erabaki zen prezioa
igotzea. Euren esanetan, gazte batek ezin du
hori ordaindu. Udalak esan du, prezio hori
dagoen bezala mantenduko dela aurten,
publizitatea eta bonoak eginda daudelako eta
gehiengo baten erabaki adostua izan delako.
Hala ere datorren urterako aztertu daiteke
jaistearen aukera. Bono horren prezioan
sartzen dena: arroza + oilasko hankak
garagardo erara + goxua + Arabako Errioxako
urteko ardoa / ura + kopa + kafea + zerbitzarien
lana + mahai eta aulkien alokairu eta
muntaketa lanak. Ez dugu uste eskaintza /
prezio balorazio horretan “garestiegia” dela
esatea bidezkoa dela.
Berau da, desadostasuneko hiru puntuen
artetik arazo gutxien planteatzen duena da.
Hala ere AURTENGOA MANTENDUKO DA
esandako arrazoiengatik.
- Euskara EZ EXIJITZEA bazkarian parte
hartzeko. Aurreko edizio guztietan, eta baita
oraingoan ere, bazkarian parte hartzeko bi
gauza eskatu dira: euskal jantziekin jantzita
joatea eta EUSKARAZ EGITEKO
KONPROMISOA hartzea. Ez da bi puntu
horietan ondo, bikain edo erdizka betetzea
eskatzen. Baina bai egon behar da horretarako
aldez aurretiko jarrera bat.
Jaiak Koordinakundeak ez du hori onartzen eta,
kasu honetan, hizkuntza elementu baztertzaile
bihurtzen dela diote (bileretan sarritan aipatua
izan da “ghetto” hitza). Euren taldeetako guztiak
egotea nahi dute (eta ez utzi taldeko inor
kanpoan), edozelakoa izanda bere hizkuntza.
Hau da guztien artetik, desadostasun
gehieneko puntua, diruaz konpondu ezin
daitekeena (bai aurrekoetan karpa batez eta
menuaren prezioa jaitsiz) eta, agian lotsagatik
edo, hedabideetara, sare sozialetara eta
abarrera kaleratu ez dutena. Euskara Arloaren
jarrera hauxe da: Euskara Arlotik antolatu
bitartean, EUSKARAZ EGITEA ESKATUKO
DA, Arloan antolatzen diren gainerako ekimen
guzti-guztietan bezala. Hala ez balitz, datozen
edizioak Jaietako Arlotik antolatu beharko ziren
eta ez Euskara Arlotik.
Arazo hau, besteekin batera, eztabaidatu
zenean udaleko Euskarako gaietako Batzorde
Informatiboan ALDERDI GUZTIAK (EAJ, PSE
eta PP) euskara erabiltzea eskatzearen alde,
hots, aurreko urteetan egin den bezala
mantentzea eta ez aldatzea “Euskararen
eguna” delako urte guztietako karteletan
bigaren izenburu gisa agertu den bezala. Ezker
Abertzaleko ordezkaria izan zen salbuespen bakarra eta abstenitu izan zen.
ZER DAGO EUSKAL JAIAREN EGUNEAN?
Ikusita aurreko puntuetan ezin daitekeela
adostasun batera Jaiak Koordinakundeak
erabaki du jai paralelo bat antolatzea, Euskal
Jaiaren egun eta ordu beretan, jai taldeetako
gazte bakar bat ere Euskal Jaira joan ez dadin.
Are gehiago, nor doan eta nor ez identifikatzeko
nola joan behar duen jantzita ere agindu zaie:
“vestidos de sport, vaqueros y así”. Euskara
Arloaren iritziz hori da gazteak presionatzeko
bide bat. Bestetik, egindako deialdian beste
erakunde batzuk inplikatu dituzte, euren
baimenik eta adostasunik gabe: “Basalarrina y
AEK, otros de los participantes históricos de
esta fiesta, mantienen la misma postura que
nosotros”. Elkarte bi horiek gezurtatu dute
informazio hori eta adierazi dute ez dutela
horretan zerikusirik.
Jai paralelo hori San Joan Astobitzako
baselizaren inguruetan gauzatuko da bisita
gidatuz gain, bazkaria eta dantza-plaza ere
izango dute. Amaieran, 20:00etan (Euskal Jaia
amaitzen denean) jaitsiko dira herriko
erdigunera, “trikipoteo”-an.
EUSKARA ARLOAREN PROPOSAMENA
Honelako istiluetan kaltetu bakarra EUSKARA
da. Eta udalean egiten diren gauza guztien
artetik euskararen jaia aukeratzea mozkin
politiko zital batzuk lortzeko tamalgarria da.
Honen bidez animatzen zaituztegu Euskal
Jaian parte hartzen, zahar, ume edo gazte.
Baina beti EUSKARA ahoan izanda eta ez
gogoan soilik. Euskal Jaian eta urteko
gainerako egunetan bezala. Gora Euskara eta
gora Euskal Jaia.
ESPARRU PERTSONALAK
Gatazka hau nire aurka bihurtu nahi izan da, ez
udalaren aurka. Nitaz sekulako astakeriak eta gezurrak ari dira esaten han-hemenka. Eta
zurrumurru guzti horiek aldi berean eta modu
antolatuan egin dira. Eta dakit noraino iritsi nahi
den honekin. Baina jakin badakigu, egitarauan
dagoen talde bati behintzat deitu egin zaiola
“parte ez hartzeko gonbitea” luzatuz. Harrituta
daude jakina, ez dutelako ezer ulertzen
(kanpokoak dira). Dei hori egiaztatu didate
gainera, egin zutenen aldetik...
45 urte luze ditut nire hezurren gainean eta
guztiok dakizue zertan nabilen eta nolakoa
naizen, akats eta bertuteak barne. Zuek
baloratu zeini eman dakiokeen sinesgarritasuna
(esandakoari eusteko dokumentazio idatzi
ugari, aktak... dituzu zuen esku). Edo
erabakitzeko euskarak berak hau merezi duen
ala ez.
Eskerrik asko, amaitzeko, elkartasuna adierazi
didazuen guzti-guztioi.
PS: zer esanik ez, gezur borobilak dira Jaian
parte hartzeko test bat bete beharko dela,
alkohol gehiegi edateagatik debekatu zaielako
gazteei parte hartzea, euskara teknikariak
eskatu duela jai taldeei laguntzak kentzea
sanrokeetan euskararen alde gutxi egin
dutelako eta abar. EGIZUE AHALEGIN BAT
ETA ZABALDU INFORMAZIO ZUZENA.
Laudio, 2010-09-15
Felix Mugurutza Montalban
Laudioko Euskara Teknikaria eta Euskal Jaiaren sortzailea
Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kidea
AUNIA aldizkariko zuzendaria