Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina ireki da. Horrela adierazi dute Aiaraldeko AEK-ko arduradunek eta Laudioko Udal Euskaltegikoek.
AEK-k aurten abiatu duen matrikulazio kanpainak “Euskara?” du leloa nagusia, “ Aiarako AEK-k eskualdeko biztanleei luzatzen dien galdera edota proposamena” da, eta espero duten erantzuna ““Bai, nahi dut!”. “Euskara nahi dut, euskaraz bizi nahi dut, euskara erabili eta transmititu nahi dut...” eta mezu hori da hain justu zabaldu nahi dutena, euskara ikasteko gonbita, alegia.
“Nahi izatean” dago gakoa. Horrela adierazi dute AEKko arduradunek, eta nahi horri bide emateko tresnak ere mahaigaineratu dituzte kanpaina honetan, asko eta askotarikoak direlako euskararen unibertsoan murgiltzeko aukerak. “Euskaltegiak Laudion eta Amurrion, urte osoan zehar zabaldutako barnetegia Foruan, irakasle talde prestu, prestatu eta eskarmentuduna, egunean bi orduko euskalduntze ikastaroak, ikastaro trinkoak, titulu homologatuak eta 3. maila/EGA lortzeko aukera, auto-ikaskuntza, on-line ikastaroak, mintzamena lantzeko praktika jarduerak, lan mundua euskalduntzeko egitasmoak, itzulpen zerbitzua, irakurzaletasuna sustatzeko AIZU! Aldizkaria...”. Baliabide ugari bai euskararen bidea urratu nahi duenarentzat.
Konpromisoa hartu nahi duenak, beraz, hor du aukera, matrikulazio kanpaina zabalik da-eta.
Audio iragarki bat ere baliatu nahi dute kanpainan (eranskin bezala atxikitzen dugu).
Laudioko Udal Euskaltegian ere matrikulazio epea irekia
Aurten ere maila guztietarako eskaintza egin dutela adierazi dute udal euskaltegiko arduradunek, bai eta HABEko, Osakidetzako, Administrazio Publikoko eta Iraleko azterketak prestatzeko ere. Goizeko eta arratsaldeko txandak izango dira aukeran, eta baita, nola ez, egunero euskara ikasten eman nahi diren ordu kopurua ere (bi, hiru, lau edo bost orduko aukerak).
Matrikulen prezioa hautatutako ikastaroaren araberakoa da, baina gogorazi dutenez, Laudioko Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak ematen ditu.