Aitor Carnero 28 urteko gazte amurriorra bart hil da Sidenor enpresak Basaurin duen lantokian gertatutako ezbeharrean. Gazteak aldi baterako kontratua zuen enpresan, sei hilabatekoa, hain zuzen ere, nahiz eta dagoeneko bi urte emanak zituen enpresa horretan lanean.
Ezbeharra goizaldeko ordubatetan gertatu da, gaztea gurdi baten eta pieza handi baten artean harrapatuta geratu denean. Hartutako kolpeak berehala hil du gaztea.
Langilea UGT-Euskadi sindikatuko afiliatua zen, eta hau da 48 ordutan gertatzen den bigarren lan istripu larria.
Istripua gertatu bezain pronto lantegiak bere jarduna eten egin du gaur goizeko 6ak arte, eta altzairutegia itxita mantenduko dute bihar arte. Lan-ikuskaritzak eta Osalanek istripuaren berri jaso dute eta enpresak berak barne ikerketa bat ireki du gertatutakoa azaltzeko.
Langileek protesta elkarretaratzea deitu dute gaur egurdirako, 12:30etatik 13:30etara, hain zuzen ere. Enpresako langileen komiteak lan-ezbeharren kopuru handia gaitzetsi egin du eta “neurri urgenteak eta berehalakoak” hartzeko eskatu diote enpresari.
Aitor Carnero langilearen hileta Amurrion izango da arratsaldeko seiretan, Santa Maria elizan.