Laudioko Ezker Abertzaleak kaleratutako prentsa oharrean San Roke jaietako balorapen luzea egin du, “argi ilunak” nabarmenduz eta proposamen zehatzak plazaratuz.
Zentzu horretan, jai parte-hartzaile eta herrikoiak antolatzeko bidean “herriko eragileek (elkarte, ostalari, Jai Kuadrillak, Txosna Batzordea) eta udal ordezkariek osaturiko Jai Batzorde irekia berehala eratzea” ezinbesteko deritzote. Horrela eskatu zuten legegintzaldiaren hasieran udalean aurkeztu zuten mozioan, baina proposamenak ez zuen aurrera egin. “Egungo antolaketa moldeak teknikari eta zinegotziek jaien egitarau, egutegi, kontzertu eta abarrak nahierara antolatzea dakar, herriko gainerako eragileen iritzia aintzat hartu gabe”.
Azaldu dutenez, “egun Udalak zuzenean 300.000 euroko ia partida guztia berak bakarrik kudeatzen du eta Jaiak koordinakundeak eta Txosna Batzordeak 20.000 euro eta 7.000 euro soilik”.
Era berean, gogor gaitzetsi dute Udalak prestaturiko ekitaldietan euskarak ia ez duela presentziarik izan: “jarrera benetan lotsagarria da, Udalak zuzenean antolaturiko 54 ekintzetatik 3 baino ez ditu euskara hutsez antolatu (haur berbena bat, haur antzerki bat eta Korrontziren kontzertua), beste 9 elebitan burutu dituelarik. Hori bai, Jai Kuadrilla, elkarte zein Txosna Batzordeak antolaturiko 106 ekintzetatik (Udalak antolaturikoen bikoitza baino gehiago) 25 antolatu dituzte euskara hutsez eta beste 20 elebitan. Honetan ere, Udalaren lan bikoitza egin dute herri eragileek”.
Jai hauetan euskal kultura “umezurtz” egon dela salatu dute kaleratutako oharrean “euskal kultura herriko elkarteen eskutik gozatu dugu (Amaiur, Sokaide, bertso-bazkaria, kantu-kalejira, Erdizka lauetan, haur tailerrak eta pailazoak, aurresku lehiaketa, Fitafik...). Laudioko Udalak bestelakoak nahiago ditu (Los Mitos, Los Palmeras, Marianico el Corto, gaztelerazko antzezlanak, Vulcano, mago Pedro III, The Cherry Boppers, Los tres Sudamericanos, Bronze...)”
Ezker abertzaleak txupinazoa ekitaldi garbia izatea eta politikariak bigarren planoan egon izana goraipatu ditu, horretarako Jaiak Koordinakundeak egindako lan bikaina nabarmendu duelarik.”aurten zorionez,ertzainek ez dute herriko plaza okupatu”.
Era berean, jai hauetan emakumeak berreskuratu duen protagonismoa nabarmendu dute: “Aurten bi urrats txiki eman dira; lehendabiziko aldiz emakume bat pregoilari izan dugu eta kofradeen bazkarian kofrade gisa emakume bat (kartzelan den bere aita Pablo Gorostiaga ordezkatuz)”. Baina salatu dutenez, “azken urteetan pregoilaria kofradiaren bazkarira gonbidatu duten bitartean, aurten ez dute Mada Lado gonbidatu. Emakume izateagatik akaso?”.
Jaietako daten eta egutegiaren eztabaida ere aitatu dute oharrean, “jende gutxiago egon denaren ustea dugu” eta “gure ustez jai egutegiak badu zerikusirik (3+5 formula edo Bilboko Jaiekin bat egiteak...)”.
Bestalde, jai kuadrilla, elkarte zein Txosna Batzordeak antolatutako ekintzen arrakasta eta lana goraipatu dituzte: “aurrekontu xumeekin hain egitarau parte-hartzailea egiteko gai baitira”. Zentzu horretan, “hauen parte-hartzea eta dagokien tamainan erabaki eskubidea ahalbidetzea” eskatu dute.
Txosna batzordea ere zoriondu dute euren balorapenean, karpa jartzearen hautua “erabat arrakastatsua izan dela" azpimarratuta. Laudioko udal agintarien eskutik “Made In Laudio” ekimenak jaso dituen kritiken aurrean “erabat lekuz kanpo daudela uste dugu”, “gure buruaz barre egiteko parada eman baitigute”.
Era berean, euskal errepresaliatu politikoekin jaietan agertutako elkartasuna azpimarratu dute, bai eta jai hauetan zenbait aldarrikapenek izan duten tokia, “euskara, feminismoa, gaztetxea zein ekologismoaren aldeko aldarrikapenak edo Berlojatzenenak… herri baten bizi eta hobetu nahia” adierazten dutela azaldu dute.
Aurrera begirako proposamenak
Hobetu beharreko hainbat gai azaldu dituzte jaien balorapenean; “jaien programaren edukia, egutegia, jaietako pregoilariaren hautatzea, zezenketetara hainbeste diru bideratu behar den edo egon behar diren, eta emakumeen parte hartzeaz bada ere kofradiaren bazkariak herriko jaiekiko duen lotura”.
Hortarako jai batzorde ireki eta erabakitzaile bat eratzearen beharra azpimarratu du Ezker Abertzaleak, eta bertan defendituko dituen irizpideak azaldu: “jai egutegia abuztuaren 15etik hasita jarraian eta egun gutxiagoz finkatzea, zezenketarik ez antolatzea eta euskal kulturgileei zein euskarari egitarauan gutxieneko presentzia duin bat bermatzea”.
“Jai Batzorde ireki batek gai horiei buruz adostasun handiagoz beste proposamen bat babestuko balu, inolako erreparurik gabe geure egingo genuke”.