Laudioko Udaleko Euskara arloak datorren irailaren 25ean ospatzekoa den Euskal Jaiaren berri eman du. Kaleratutako prentsa oharrean adierazi dutenez, aurtengo jaiaren leloa “uztatzeko ereiten” izango da.
Era berean, jai egitarauaren berri eman dute; bazkari-legearen bedeinkapena punta puntako hiru bertsolarik egingo dutela azpimarratuz; Andoni Egañak, Jon Maiak eta Unai Iturriagak hain zuzen ere. Euren bertsokeraz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.Egun guztian zehar, baina, ugariak izango dira kaleak girotzeko ekitaldiak; Lankaietako lagunak, Polunpak Zanpantzar Taldea, Fi ta Fik eta Triki-Leku talde eta elkarteak izango dira hainbat kalejiratan euskal jai hori musika eta doinuz jantziko dutenak.
Era berean, artisauak ere bilduko dira Laudioko plazan, euren lana jendartean erakutsiz.Eguerdian, jai honen jatorria islatzen duen ekitaldia izango da plazan; “behinolako alkateen hautatzeko prozesuaren antzezpena” Basalarrina elkartearen eskutik.Euskal Kantuak ahotan hartzeko, Bentazaharreko Mutiko Alaiak izango ditugu gurean, bazkariari bide emateko gero.
Aurtengo euskal jaiaren bazkariak kopuru mugatua izango du (400 pertsonentzako lekua egongo da Lamuza elizaren arkupetan) eta baldintza izango da bertaratutakoek euskara ahotan hartzea eta jantzi tradizionalaz jantzita joatea. Tiketak Udaleko euskara arloan egongo dira salgai. Bertsolariak izango dira bazkalostea girotzeko arduradunak, bai eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak ere.
Ondoren, kalejirak, fanfarreak eta dantza plazarako aukera izango dute bertaratutakoek, gurean klasiko bihurtzen ari den Patxi Perezen eskutik.
Euskal Jaiaren jatorria
Horrela gogora ekarri dute Euskal Jaiaren jatorria:
Seguru aski, ez dugu sekulan jakingo zein esanahi zuen laudioarrek euren batzarrak egiteko erabiltzen zuten Baçalarrina toki haren izenak.
Behin baino gehiagotan entzun dugu “basoan zegoen larraina’ edo ‘batzarretarako larraina’ izan zitekeela.
Baina seguru asko ‘batzarretarako eliza-ataria edo eliza-aurrea’ izango da, berori ere izan delako “larrain” hitzak gure eskualdean izan duen adiera.
Azalpen sano egokia, bestetik, gure batzartoki hori elizaren ondoan zegoelako.
Nola edo hala, kontua da irailaren 29a, Done Mikel eguna, izaten zela aspaldiko laudioarrek leku horretan eta herri-batzarrean alkateak –bi zirelako– aukeratzeko baliatzen zuten eguna: “En el campo y junta de Baçalarrin, lugar acostumbrado para elegir e nombrar los oficios públicos deste Valle de Llodio, a veinte e nueve días del mes de septiembre...” (1591). Horregatik Done Mikel egunaren inguruan antolatzen dugu gure Euskal Jaia.
Bilera historiko haietara joateko deiak, mendietatik abisua emanez –xehetasun gehiagorik ez dakigula– eta kanpaiak joz egin ohi ziren: “...feso repicar las campanas del dicho monasterio de la Muza, e de toda la dicha Tierra de Llodio, e feso dar los apellidos, por los oteros, porque se ayuntase la dicha yunta en dicho lugar de la Muza, segun que lo hay de costumbre de se yuntar...” (1314).
Zer esanik ez, bilera haiek euskaraz egiten ziren, herritar guztiak euskaldunak zirelako: “en la Basalarrina (...) esplicándolas en lengua Bulgar Bascongada y entendidas por la justicia, regimiento y vecinos que al presente se hallaba” (1723).
Batzalarrin leku hartako bilerak harrizko mahai batean egiten ziren, zuhaitz handi baten babespean: “...bajo un árbol en una mesa de piedra...” edo “...en la campa de Basalarrin de este Valle de Llodio y en mesa de piedra de sillería” (1874). XIX. mendearen amaieran herriko plaza berriztatu zenean betiko desagertu ziren bilerak egiteko harrizko mahaia eta zuhaitz bakoitz handia.